facebook instagram youtube
  • Osasun holistikoa hizketagai

    Badakizue Laboren osasunak zentralitatea duela eta baliabide desberdinak ematen dizkizuegula zuen osasunaren autogestioan ahalduntzeko. Medikuntza integrala aldarrikatzen dugu, konbentzionala eskura ditugun bestelako jakinduriekin osatuz. Bide horretan garrantzitsua da ildo desberdinak azaltzea norberak erabaki dezan zerk balio dion eta zertan sinistu nahi duen. Ukaezina da bizitza osasuntsu baterako elikadurak berebiziko garrantzia duela gaixotasunak prebenitzeko baina baita gaixoaldiari buelta emateko ere. Kirola gure egunerokoan presente egon behar dela ere badakigu. Eta ezin dugu ukatu emozioek, pentsamenduek eta inguruak gugan duten eragina.

    Horregatik gaurkoan, OTSAILAK 19, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Jexux Larretxea izango dugu gurean osasunaz modu holistiko batean hitz egiteko. Elikadura eta kirolak gure osasunean eragina dutelaz konsziente garen moduan, akaso ez baitugu horren presente gure inguruak eta emozioek zenbateraino eragiten diguten, inflamazio prozesuetan sarritan zentralitatea hartuz.

    Jexux aski ezaguna dugu makrobiotika eta medikuntza integratiboaren munduan eta psikologian ere formatua dago, sukaldaritzako saioak emateaz gain, kontsulta pasatzen du eta tarteka hitzaldiak ematen ere aritzen da, gaurkoan Laboren izango dugu.

    Baliatu aukera eta zatoz aurreikusten dugun saio mamitsu, interesgarri bezain atseginean osasunaren inguruan gehiago ikastera.

    Zaintza elikadura ere badela ohartarazteko, irratsaio berri bati eman diogu hasiera Oiartzun Irratia eta Arraztalorekin batera. Aste honetan lehenengo atala grabatu dugu, gaurko hitzaldia aitzakiatzat hartuta. Hemen duzue elkarrizketa osoa entzuteko aukera, hitzaldiaren aurrerapen moduan.