facebook instagram youtube
  • Oiartzun Burujabe

    Burujabetzak

    Udazkenean sartzearekin batera, Oiartzun burujabe prozesuarekin jarraitzen ari gara herri mailan. Horren harira, joan den astean Burujabetzak jardunaldiak antolatu zituzten Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak, burujabetza esperientzia eraldatzaileetan sakontzen jarraitzeko. Bertan, herrigintza eta udalgintza eredu eraldatzaile baten ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izan genuen: herri zein eskualde mailako proiektuak, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte-hartzearen paradigma berriak, udalgintzatik estatugintzarako jauzia…

    Oiartzungo Burujabetzako jardunaldi horien barruan, pasa den ostegunean Euskal Herriko hainbat txokotako herritar, eragile eta udal ordezkariak izan genituen bisitan. Labore Oarsoren sorrera, filosofia, ibilbidea eta proiektuari berari buruz hizketan aritu ginen, azalduz nola ari garen buruaskitasunez bestelako mundu baten alde lanean. Jardunaldien harira Lurralde Askea Taldeak “100 konpromiso ongi bizitzeko” liburua argitaratu du, Laboren doan eskuratzeko aukera duzu. Zuk ere norbanako gisa konpromisoa har dezakezu guztion artean herri aske bat eraikitzeko.

    Jardunaldiek oihartzuna izan dute eskualdeko komunikabideetan, jarraian duzue argitaratutako lehenengo albisteetariko bat:

    Oiartzungo Burujabetzen eguna

    Iazko Alternatiben Oi(h)artzuna egunean mahaigaineratu genuen estreinekoz munizipalismoaren kontzeptua, herrigintza eta udalgintza barnebiltzen dituena. Urtebete honetan herritar ugariren sukalde lan izugarriaren ondoren, beste urrats sendo bat emateko baldintzak sortu ditugu: Oiartzun Burujabe martxan jartzeko herri ituna aurkeztu eta sinatzeko bildu ginen joan den larunbatean.

    Oiartzun Burujabe prozesu herritarra da, herria burujabetza klabeetan berrantolatzeko saiakera bat. Bizitza posible egiten duten sektore estrategikoen gaineko kontrola berreskuratu eta eredu jasangarriago baterantz urratsak emateko. Herri proiektu honek ehun ekonomikoa, sozial, instituzional eta herritarra barnebiltzen ditu.

    Abiatzen ari garen Oiartzun Burujabe egitasmoak aurrera egin dezan guztion konpromisoa beharrezkoa izango da. Ekonomia sozialaren printzipioak oinarri hartuta, hiru erpinez osatutako ereduaren beharra izango du: Udala, eragile ekonomikoak eta herritarrak.

    Oiartzun Burujabe prozesua sektoreka landuko den bidea da eta mahai sektorialetan arloari dagozkion erabaki estrategikoak, taktikoak eta plangintzak erabakiko dira. Hauek gauzatzeko beharko diren baliabideak definituko dira, kontutan hartuz bitarteko horiek herritarrek, eragile ekonomikoek edota udalak eskaini ahal izango dituztela. Larunbatean lehen fase honetan estrategikotzat hartu ditugun 4 arlotan eginiko diagnostikoa, aurrera begirako erronkak eta herri mailan eman beharreko urratsak ezagutzeko aukera izango dugu mahai bakoitzeko kideekin. Kontatu genizuen moduan, Laboretik modu aktiboan parte hartzen ari gara Elikadura Mahaia martxan jartzeko. Oarsoaldeko elikadura eta kontsumo ohiturak iraultzeko dugun ardurari erantzunez, Labore Oarso Elikadura Mahaiko kide izango da eta bertan, trakzio lana egiten ahaleginduko gara.

    Oiartzun Burujabek planteatzen duen lan egiteko eredua ez da berria Euskal Herrian. Proiektu eta ekimen asko jarri ditugu martxan sektore askotan logika honetan oinarrituz (hezkuntzan, elikadura sektorean, energiaren alorrean, komunikabideetan) eta, Oiartzunen ere, bide luzea egina dugu dagoeneko. Egitasmo eta proiektu ugari ditugu herrian bertan, herritar askoren inplikazioari eta parte-hartze zuzenari esker sortu direnak. Horren adibide ditugu Labore Oarso, Elika Kooperatiba, Oiartzungo Gaixo Psikikoen Arraztalo Elkartea edota HemenGuk ekimena lehen sektorean, Argitturri Energia Berriztagarrien Kooperatiba energiaren alorrean, KantaGiltza eta Orgasmo Oiartzungo Gazte Sortzaile Taldea kulturaren alorrean, baita aisialdi, hezkuntza, kirol zein ongizate esparruetan antzeko logikarekin martxan urteak daramatzaten proiektuak ere.

    Herritarron parte-hartzeak bermatzen du komunitateari ahotsa eta partaidetza ematen zaizkiola, herritarrak ahaldunduz eta erabaki ekonomiko-politikoetan dugun protagonismoa indartuz. Gu gara objektu eta subjektu, lurralde garapena herritarron beharrek zehaztuko baitute, demokratikoak izango diren erabaki esparruen bidez. Herritar edota eragile gisa gure eguneroko erabakiek garrantzia handia dute, inguruko ekonomia eraldatzeko gaitasuna baitugu.

    Egin gaitezen gure inguruko ekonomiako erabakien jabe, gure lan eta bizitzen burujabe!

    Ederki borobildu genuen larunbatean Oiartzun Burujabe jardunaldien azken eguna. Goizeko saio mamitsuaren ostean, bertako produktuekin bapo bazkaldu eta eguna amaitzeko kontzertuak izan genituen. Milesker Alternatiben Oi(h)artzuna horrelako egunpasa polita antolatzeagatik!!