Asteburuan izan da Lurramaren aurtengo edizioa eta lehenengo sektoreko eragile eta kideekin saretzen jarraitzeko baliatu genuen. Aurten estreinekoz mintzaldi batean parte hartzeko gonbidapena jaso dugu (“Ene tokiko janari erosketak”) eta bertan Laboreren ibilbide eta lan egiteko moldea azaldu genituen. Mahaikide izan genituen APF-PB, ekoizleen elkarteko langilea den Amaia Costa eta Nathalie Suzanne APF-PBko kide eta Azkaratear laboraria. Dinamizazio lanak Nadia Benestauk egin zituen. Agro industriatik datozen elikagaiak saihesteko eredu desberdinak aztertu genituen ekoizleen saltegiak, janari denda kooperatibo eta parte hartzaileak…
APFPB elkarteak etxean ekoizten duten laborariak defendatzen eta laguntzen ditu. IDOKI laborantza kalitate-hitzarmena eta haren sustapen kolektiboa ere kudeatzen ditu. Kideen kopurua urtez urte emendatu da eta, orain, APFPB elkarteak Euskal Herri osoko 300 etxe ekoizle biltzen ditu, 14 ekoizpen sailetan banaturik. Haien artean, 93 ekoizle engaiatu dira IDOKI baldintza bildumen errespetatzera.
Ondoren Foodwatch elkarteko zuzendaria den Karine Jacquemarten hitzaldia entzun genuen. Irabazi asmorik gabeko elkarte honetan kontsumitzaileok kalitatezko elikagaiak eskuratzeko eskubidearen alde ari dira lanean, osasunerako arriskurik ez dutenak eta etiketatze gardena dutenak. Egiten duten lana oso interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu. Foodwatchen elikadura osasungarri, eskuragarri, hautatu eta iraunkor baten alde borrokatzen ari dira. Orain dela gutxi, adibidez, salaketa jarri zuten Nestleren aurka, iruzur egitea leporatuta, tratatutako ura ur mineral naturaltzat pasaraziz. Hitzaldi horretan, Karine Jacquemartek elikagaien lobbyek eta supermerkatuek gidatzen duten elikadura sistemaren erretratua egin zuen, eta horrek guztiak jendearengan, laborarien munduan, paisaietan, biodibertsitatean eta abarretan dituen ondorioak azaldu zituen. Baina erakutsiko zigun, hala ere, baikorrak izateko arrazoiak badirela, gizarteak gaiak bereganatu eta aldaketaren aktore izatea erabakitzen duelarik.
Arratsaldea borobiltzeko Ipar Euskal Herriko gure ekoizleekin hitz egin eta haien generoz bete genuen autoa.