Udazken honetan Produktu Taldeko kideok prezioaren inguruko merkatu-ikerketa eguneratu dugu eta berriro ere nabarmenak dira aldeak, Laboren oinarrizko elikagaien prezioak inguruko azalera handietan baino askoz ere merkeagoak ditugu. Finean gure sorrerako helburuetako bat ekoizleei prezio justuak ordaintzea (haiek finkatutakoak lan-baldintza duinetan lanean aritzeko eta guk negoziatu gabeak) eta kontsumitzaileontzat arrazoizkoak eta eskuragarriak izatea da. Dena den, gizartean uste okerra zabaldua dago, hau da, bertako ekoizleen elikagai osasuntsuak eskuratzea garestiagoa dela.
Laboren ere, nahiz eta ez azalera handietan bezainbeste, prezioak gora egin dute urte hasieratik eta egungo egoera ikusita, ez genuke inor atzean utzi nahi eta osasuntsu elikatzea eskubidea izaten jarraitzea nahiko genuke. Horregatik, gure komunitatean elkar zaintzarako bide berriak urratzen jarraitu nahi dugu eta horretara dator Elikagai eskegien ekimena.
Ez galdu Oarso Bidasoko Hitzan eskuartean ditugun proiektuen inguruan egin ziguten elkarrizketa.