Labore Oarso irabazi asmorik gabeko kontsumo elkartea da eta bertan elikadura burujabetzaren alde ari gara, gaur egungo kontsumo eredua iraultzeko bokazioarekin jaio baikinen. Bertako produktu osasuntsuen aldeko apustua egiten dugu, zero kilometro filosofiari jarraiki ekonomia lokala suspertu eta ingurumenean dugun inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuz.
Oiartzunen kokaturiko gure dendan produktu ekologikoak eta konbentzioanalak eskaintzen ditugu, ekologikoak ez izan arren, osasuntsuak direnaren ziurtasuna izanik eta ekoizleak agroekologiarantz bidea egin dezaten bultzatuz. Dendan produktuen inguruko informazio gardena eskaintzen dugu (ekologikoa den ala ez, zuzenean ekoizleari erosia den ala bitartekari baten bidez eskuratu dugun, jatorria, zenbat kilometrora dagoen ekoizlea, prezioaren banaketa ekoizlearen eta gure artean, etab.). Produktu freskoez gain, zerealak, lekaleak, kontserbak, olioak, haragia, esnekiak, garbiketako zein kosmetikako produktuak, kafea, gailetak, etab. eskaintzen ditugu; bazkideei integraltasuna eskaini nahi baitiegu (etxerako beharrezkoak dituzten gauza guztiak Laboren topatu ditzaten). Hori guztia ahalik eta hondakin gutxiena sortuz egiten dugu; kristalezko ontziak zein arrautza ontziak berrerabiltzen ditugu, pisura saltzen dugu produktu gama zabala, plastikoen erabilera minimoa egiten saiatzen gara, etab. Urtean zehar gure bazkideentzat kanpaina bereziak egiten ditugu (Gabonetan arkumea eta ahatekiak, negu eta udaberrian Nafarroako zainzuri eta orburu freskoak, gereziak, etab.). Bestetik, enkarguz eska daitezkeen hainbat produktu ere baditugu, hala nola, ogia, oilaskoa eta pasta freskoa.
Prezio eta harreman justuak izaten saiatzen gara eta zentzu horretan azpimarragarria da ekoizleek finkatzen dituztela beren produktuen prezioa, guk marjin txiki bat besterik ez dugu gehitzen langileen soldatak ordaindu ahal izateko.
Bazkidetza sustatzen dugu Laborezain figuraren bitartez, urtean 50 euroko kuota bat ordaintzea suposatzen du, bi zatitan banatua. Bazkide kuotei esker gure lokalaren alokairua eta azpiegitura informatikoa ordaintzen dugu eta horrek ahalbidetzen digu urte osoan zehar prezio ekonomikoagoak eskaini ahal izatea bazkideei. Urtero Laborezainen asanblada bat egiten da erabaki estrategikoak hartzeko eta Urteko Kontuak aurkezteko.
Labore Oarso ez da denda soil bat, Dendan bertan dugun sukaldea aitzakiatzat hartuta ekoizleen aurkezpenak, sukaldaritzako ikastaroak, gai desberdinen inguruko tailerrak, hitzaldiak, talde dinamikak, etab. antolatzen ditugu. Ekimen horiekin komunitatea egin nahi dugu, gure arteko ezagutza eta harremanak sustatuz. Urtean zehar ekimen desberdinak antolatzen ditugu eta urteko egitarauan jasotzen ditugu. Auzolana ere ezinbestekoa da proiektu komunitario hau aurrera ateratzeko, borondatezkoa da eta urtean zehar deialdi desberdinak egiten ditugu horretarako.
Lan pedagogikoa egiten ere saiatzen gara, kontzientziak astintzea bilatuz gure lan ildoak diren gaietan: osasuna, ingurumena, ekonomia soziala, ekologia, etab. Horretarako sare sozialetaz zein barne buletinetaz baliatzen gara.
Dendako goiko solairuan Paperezko Ametsen Txokoa dugu, 2. eskuko liburuen doako trukea sustatzen duena. Konpromisorik gabe etor zaitezke eta ikusi zer eskaintzen dugun eta lehen erosketak ere bazkide izan gabe egin ditzakezu, probatzeko ea nola moldatzen zaren bertan eta ondoren, patxadaz erabakitzeko.