Datorren otsailaren 25ean, asteartea, arratsaldeko 18:00etan Koloreko proiektuko kideak Laboren izango ditugu haien ileko tinte ekologiko naturalak aurkezten.

Koloreko Donostiako familia enpresa bat da. Fabrikatzaile gisa, eskarmentu handiko ekipo teknikoa dute produktuaren kalitatea zorrotz kontrolatzen duena ekoizpen-prozesuaren hasieratik azken kontsumitzaileraino. Tinteak egiteko darabiltzaten lehengaiak zuzenean eskuratzen dituzte ziurtagiri ekologikoa duten ekoizlearengandik, kalitate-prezio harreman bikaina eskainiz eta bitartekariak saihestuz.
Tinteen formulazio propioa dute, Donostian egina. Proiektuaren hastapenetan lehengaiak Indian erosi eta nahasketak Donostian egiten zituzten baina gaur egun lan-karga handitzearen ondorioz, haien formulazioari jarraiki Indian ekoitzitako nahasketak merkaturatzen dituzte.
Tinteen osagaiak organikoak dira eta inolako pestizida, ongarri sintetiko, genetikoki eraldatutako organismo edo erradiazio ionizatzailerik erabili gabe landatu eta ekoitzitakoak dira. Tinte organiko ziurtatua, eraginkorra, abangoardista, osasungarria eta % 100 naturala eskaintzen dute.
Koloreko tinteek Ecoplus Vegan ziurtagiri ekologikoa dute, BioVidaSanak eta Suitzako Bio.Inspectak esleitzen dutena.
Koloreko tintea ilearen berezko kolorearekin nahasten da, egitura aldatu gabe, eta tindagai kimikoen ezaugarri diren narritadurak eta alergiak saihesten ditu. Hala, ilea indartzen duen kolorazio pertsonalizatuaren kontzeptua sustatzen du, ingurumena errespetatuz.
Bi tinte mota eskainiko dizkizuegu kolore desberdinetan baina enkarguz besteren bat nahiko bazenute ere eskatu eta ekarriko dizuegu. Gaur egun salgai ditugun Khadi Hennah-k baino ekonomikoagoak ateratzen dira. Aplikazio bakarrekoa tintea zein Pack Duoa izango duzue eskuragai. Aplikazio bakarra: ile ilunak eta erdi ilunak eta ile zuri portzentaje bajuko ileak koloreztatzeko egokia da, baita tonu errubioa lortzeko ere ile argi edo ile zuri portzentaje altuko ileak dituztenek. Duo aplikazioa: ile argiak edo ile zuri asko dutenak iluntzeko egokia da. 1. pauso gisa aurre-pigmentazioa egiten da, eta 2. pauso bezala berriz, ilundu eta koloreztatu egiten du.
Datorren astetik aurrera salgai izango ditugu tinte natural hauek gure dendan baina aurkezpen saiora etortzeko gonbita egiten dizuegu, tinteak ezagutzeko, izan ditzakezuen zalantzak argitu eta zuei ilerako hobekien joango litzaizuekeen tintea erabakitzeko. Kolorekoko arduradunek kontatu digutenez, webgunean diagnostikoa egin eta zalantzak argitzeko doako zerbitzua ere eskaintzen dute.