Joan den astean Model-Eko proiektuko hainbat partaide izan genituen bisitan Laboren egiten ari garen lana gertutik ezagutzeko. San Adrian eta Don Boscoko formakuntza profesionaleko ikasle mordoa etorri zitzaizkigun.
Proiektu honen helburu nagusia ezagutzaren transferentzia egitea da lanbide-heziketako zentroak eta produktu ekologikoen ekoizle eta merkaturatzaileak ondoren gizarteari transmititzeko produktu hauen ekoizpen eta kontsumoak duten eragin positiboa, ingurumenean, jasangarritasunean, osasunean eta tokiko ekonomian. Labore agroekologia, osasuna, lana, zaintza, lehenengo sektorea, kontsumitzaileen ahalduntzea eta bestelako kontsumo kultura arduratsuagoa bultzatzeko sortu genuen duela ja 8 urte.
Proiektu honetan parte hartzen duten lanbide heziketako ikastetxeek ekoizleen eta merkaturatzaileon arteko lotura egingo dute, produktu berriak garatuz (V. gamako elikagaiak, kontserbak, zukuak, marmeladak, etab.) baztertutako produktuetatik abiatuta eta ekonomia zirkularra bultzatuz.
0Km filosofia Europako erakundeek 2030erako proposatzen duten estrategiarekin erabat lerrokatuta dago, honen baitan planteatzen den hurbileko produktuak edo produktu ekologikoak kontsumitzeak tokiko ekonomia eta landa-eremuak bultzatuko lituzke, ibilbide logistikoak laburragoen bidez karbono arrastoa ere murriztuz.
Gure gizartean kontsumo-ohiturak iraultzeko funtsezkoa da txiki-txikitatik haurrekin eta nerabeekin lan egitea, sasoiko produktuak, ingurumen-jasangarritasuna, karbono-aztarna, ekonomia zirkularra eta antzeko kontzeptuak ezagutu eta barneratu ditzaten. Norabide horretan kokatzen dugu Laboretik martxan dugun lan-ildo pedagogikoa.






