“Elikadura-sistemak iraunkortzen” topaketak antolatu zituen Udlbiltzak pasa den hilaren 28an Astran, Gernikan (Bizkaia) EHNE Bizkaiarekin elkarlanean. Bertan elikadura burujabetzan diharduten eta interesa duten elkarte, kooperatiba, sindikatu, herrietako hautetsi eta herritarrek hitzordua zuten Gernikan (Bizkaia), Astra kultur espazio autogestionatuan. Euskal Herrriko hainbat txokotatik bertaratu ziren parte hartzaileak.
Goizean, antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, EHNE Bizkaiako koodinatzaileak, Unzalu Salterain-ek gaur egungo elikadura sistema eta bere eraginak esplikatu zituen. Nabarmendu zuen elikadura dela trantsizio ekosozialerako giltzarrietako bat, eta hori denon artean, herritar eta eragile guztien artean eraman beharreko lana dela.
Trantsizio hau herritarrekin egin behar dugu, kontsumoaren indar eraldatzailea biderkatu behar dugu. Herritarrengandik hurbilen dugun instituzioa udala denez gero, udalgintzak paper garrantzitsua jokatu behar du tokiko elikadura sistemen garapenean.
Ondoren, elikadura burujabetzari loturiko lau gai nagusien inguruan (elikadura mahaiak eta estrategiak, jantokiak, lan munduaren ekarpena eta ekoizpena eta kontsumo kooperatibak) hainbat lurraldetan matxan dauden proiektuak eta egitasmoak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek. Honakoak izan ziren parte hartzaileak:
- Elikadura mahaiak eta estrategiak:
Hernaniko elikadura mahaia, Azpeitiako elikadura mahaia, Elikaguneaz arduratzen den Artxara kooperatiba eta Gasteizko Aleko nekazaritza test egitasmoaz arduratzen den Ama terra enpresa. - Jantokiak:
Gernikako Allende Salazar eskola publikoko jantokia, Baztango zahar etxea, eta Oiartzungo Urmendi haur eskolaren elikadura proiektua. - Lan munduaren ekarpena.
Bergarako Fagor Ederlan kooperatibako jantokiaren eraldaketa proiektua eta LAB eta ELA sindikatuak. - Ekoizpena eta kontsumo kooperatibak:
Lekorneko Garro etxaldea, Iparlab elkartea, Nafarroako Ekoalde elkartea eta Goierriko Bziola kooperatiba.
Ez dugu alternatiba izan nahi; sistema izan nahi dugu
Goiza bukatzeko, “elikadura eta elkartasuna” batzen dituen egitasmoa aurkeztu zen, elikadura gizarte segurantzaren adibidea, hain zuzen ere: Urruñako Elikartasuna proiektua.
Mezua argia izan zen egun osoan zehar, “amets” zehatza: alternatiba baino, sistema izatea.
Arratsaldean, “Elikadura sistemak iraunkortzeko bideak” mahai inguruan, lau eragilek parte hartu zuten: Etxalde taldeak, Mirua kooperatibak, Sakana Garapen agentziak eta Sorland komunikazio agentziak.
Denek bat egin zuten adierazteko elikadurari behar duen garrantzia eman behar zaiola, elikadura burujabetza autonomo bat eraiki behar dela eta horretarako ezinbestekoa dela saretzea, eta lurraldeetako eragileen artean koordinatzea sistemaren parte izango den Euskal Herri jasangarri bat eraikitzeko.
Labore bertan izan zen, goizeko saioan, esperientzien txokoan. Urmendi Haur Eskolako Jangela proiektua azaldu genuen bertako zuzendari den Iraia Etxebesterekin batera. Horrelako ekimenak garrantzitsuak dira gure artean saretzeko baina baita indarberritzeko ere. Izan ere, oraindik egiteko asko dugun arren, Euskal Herriaren luze zabalean elikadura burujabetzaren alde proiektuak gauzatzen ari gara ttirrika-ttarraka, beste hainbat proiektuk inspiratzen gaituzte eta guk egindakoa ere baliagarria izan badaiteke besteentzat, gu pozik! Ilusioz eta determinazioz beteta itzuli ginen. Piskanaka baina urrats sendoekin bagoaz aurrera!!
Hemen duzue egunak emandakoaren laburpen bideoa.
Gaur egungo elikadura sistema eta bere eraginak
Euskal Herriko eta Europako argazkia bera da, herrialde esportatzaile eta inportatzailea da, eta ekoizpenaren bilakaera berbera izan dute: lehen sektorearen intentsifikazioa, baserritarren kopuruaren gutxitzea eta diru publikoaren inbertsioaren gutxitzea. Nekazaritza Politika Bateratua da Europar ikuspegia duen politika bateratu bakarra eta aurrekontuaren %40a suposatzen duena.
Egungo kontestu ekonomiko, sozial, eta klimatikoan beharrezkoa den trantsizio horretan edo iraunkortasunaren bidea hartzen dugu edo jai daukagu. Eta trantsiziorako bide horretan elikadurak berebiziko garrantzia dauka. Horretarako elikadura sistemei dagokienez, non gauden kontutan hartzea, nolako argazkia dagoen jakitea garrantzitsua da.
2024 hasieran Europa osoan mobilizazio asko izan ziren, kontrajarriak maila askotan, baina denek iturburu bera zuten. Gaur egun elikagaiak sortzen dituzten baserritarrek ezintasun berak dituzte. Gero eta zailagoa da etorkizuna irudikatzea. Eredu globalizatu honetan, merkatuaren liberalizazioa bultzatzen da eta kontrol sistemak gutxitu egiten dira, merkatu librea hauspotzeko. Elikagaiak munduko punta batetik bestera ibiliz.
Elikadura sistema globalizatua kolapsatu da. Ez du bermatzen inondik inora herrialdeen elikadura segurtasuna eta are gutxiago burujabetza. Azken hiru hamarkadetan, ezagutzen dugun elikadura sistema globalizatu hau bizkortu egin da, Europaren ekimenez; non, baserritarrei oso prezio baxutan ordaintzen zaien produktua, eta ostera, dirulaguntza zuzenekin konpentsatzen zaien galera. Elikadura eskubidea bermatze aldera bezeroari prezio baxuak eskaintzeko aitzakiarekin.
Egoera honetan, ekoizleek kantitate handiak ekoitzi behar dituzte, marjenak estutzeko. Ekoizpenaren handitze horretan, ez da inongo mugarik jarri ez antibiotiko, ez fertilizante eta ezta hormonen erabileran ere. “Behi zoroaren” gaixotasuna esaterako, elikadura globalizatuaren ondorio zuzena da.
Euskal Herriko egoera
- Kontsumitzen ditugun elikagaien parte handi bat inportatzen dugu. Eta hein berean hemen ekoitzitakoa esportatzen dugu. Bereziki hego Euskal Herrian, Araban eta Nafarroan, barazkigintza, fruta eta zerealen %90 esportatu egiten baita. Burujabetza eta herri ikuspegi baten logikatik at egonik. Are gehiago trantsizio ekosozial bati aurre egin behar badiogu.
- Elikadura burujabetza izan beharko litzateke munduko herrialde guztiei elikadura bermatzeko irtenbidea. Eta hau ekoizpen eredu bati lotuta dago ezinbestean, laborantza herrikoia, agroekologikoa… Pandemia garaian instituzio askotatik elikadura burujabetzaz hitz egiten hasi ziren, behar ditugun elikagaiak ekoizteko baina ekoizpen eredua kontutan hartu gabe (hots, berdin du nola ekoiztu) baina hori ez da burujabetza. – Elikadura Sistema berriak eraikitzeko elementuak bilatu behar ditugu, elikadura bera demokratizatuko dutenak. Pertsona orok elikadura osasuntsu bat bermatu izan dezan.
- Gaur egun, elikadura bankuek elikagai prozesatuak eskaintzen dituzte soilik.
- Elikadura giltzarria izango da trantsizioa ekosozialerako.
- Hazkundearen kontrako bidea egin beharko da. Ezingo dugu hazkunde konstante batean egon, etxebizitzak eraikitzen, industrian… Aldiz, elikaduraren kasuan bai… hazkundea egon behar da. Eta horrek suposatzen beharko du baserritarrak, arrantzaleak… hazi beharko direla.
- Une honetan etengabeko krisialdi batean gaude non prezioek ekoizpen kostuak nahiko justu kubritzen dituzten, zorionez proiektu berriak sortzen ari dira egoera iraultzeko. Gernikako topaketetan ekimen hauei marko estrategiko bat eraiki eta zentralitatea emateko saiakera egin zen. Ekimen guzti hauetatik esperientzia eta jakintza asko eskuratu baita, balorean jarri beharrekoa.
- Urte luzeetan zehar bertoko elikagaien alde eraikitako diskurtsoak, bertoko produktuak
prestigiatu ditu. Azalera handietan ere beren lekua izatera heldu direlarik. Azalera handientzako bertoko produktuen gaia ere estrategikoa bihurtu da, dirua irabazten dutelako. Baina hau bereziki jendearen jarreraren aldaketaren ondorioa da. Herritarrek eskatu eta erosten dituztelako.Egungo elikadura sistema globalizatuak ez ditu Europako beharrizanak asetzen. Baserritik Mahairako estrategia horren harira dator eta trantsizioa abiatzeko estrategia interesgarria da. - Itun berdearen atxikimendua ere, trantsizio ekosozialari lotuta dago, eta gure ustetan, mezu eta debate horiek intentsifikatuko dira…. Baina Europatik datozen estrategiak gero beheko instituzio txikiagoek ez dituzte jarraitzen eta hori oztopo nabarmena da.
Aurrera begira, uste dugu, biderkatu behar dugula, kontsumoak duen ahalmen eraldatzailea. Horretarako kontutan hartu behar dugu, bertoko elikagaien kontsumorako kontsumo taldeetatik haratago zabaldu behar garela. Geruza sozial kiritikoak ukituz, bertoko elikadurara jende gehiago batzeko, orain arteko konpromiso edo militantziak soilik ez baitu balio. Beste bide batzuk landu behar dira, prozesuak abiatu herritarrak piskanaka batzeko.
Arlo instituzionalean Udalbiltzak lan handia dauka egiteko. Herritarrengandik hurbil dago eta gaitasun juridiko eta politikoa duen neurrian protagonismoa hartu beharko du datozen urtetan elikadura estrategiak zabaltzea izan beharko da erronka nagusietakoa, eskualde mailako begiradatik baina ahalik eta gehien zabalduz.