Egungo eredu ekonomikoa xahutzailea eta ekologikoki jasanezina da, eta ezberdintasunak besterik ez du sortzen. Kapitala metatzea eta ahalik eta etekinik handiena ateratzea dira gaur egungo ekonomia eredu nagusiaren helburuak, zuzenean edo zeharka horiek gizartean eta ingurumenean eragiten dituzten ondorioak aintzat hartu gabe. Natura baliabideak xahutzen dira mugarik gabeko desarrollismoa bultzatuz, eta, beraz, premiazkoa da trantsizio ekosozialerantz urratsak egitea eta garapen ereduaren inguruko hausnarketa sakona egitea.
Bestalde, jarduera erreproduktiboen eta, zehazki, bizitza eusteko ezinbestekoak diren zaintza-lan guztien desbalorizazioa sistemikoa da, eta zaintza-sistema publiko zein pribatu prekario eta ankerra da horren erakusle. Eredu neoliberalak, gainera, gizartea bakantzera eta indibidualismora darama, eta horrek ondorio sozial eta psikologiko larriak dakartza: herri mugimenduak ahultzea, desmobilizazio soziala, kontsumismoa, gaixotasun mentalak, bakardadea, zorigaitza…
Horri guztiari aurre egiteko ahaleginean martxan jarri den Oiartzun Burujabe proiektua prozesu herritarra da. Estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta, herrian bertan garatzea da prozesu honekin lortu nahi dena. Oiartzun Burujabe herriko ehun ekonomiko, sozial eta instituzionala biltzen dituen egitasmoa da, zibilizazio krisiaren aurrean Oiartzungo herriak proposatzen duen alternatiba praktiko bat.
Urriaren erdialdean Oiartzunen izan genituen Burujabetzak jardunaldiek oihartzun zabala izan dute komunikabideetan. Ez galdu Berria egunkarian gaiaren inguruan argitaratutako erreportajea.