facebook instagram youtube
  • Badatorrela Oiartzungo haragi-zirkuitu propioko aurreneko haragia

    Oiartzunen Haragi-Zirkuitu propioa sortzeko beharra abeltzainen aldetik sortutakoa da. Herrian badira berrogeiren bat abeltzain abelburuak mendian dituztenak eta 2024ko urrian Oiartzun Burujabe ekimenaren baitan egindako aurreneko Elikadura-Mahaiaren batzar sektorialean plazaratu zuten herrian haragi-zirkuitu propioa sortzea lehentasuna izan beharko litzatekeela. Izan ere, abeltzainen kolektiboan gazteenak berrogei urte pasa ditu eta badute kezka atzetik ez dagoelako erreleborik.

    Oiartzunen abelburuak mendian dituzten 40 bat abeltzain daude eta horietako gehien-gehienek (etxean kontsumitzeko baztertutakoak izan ezik) bertan jaiotako txekorrak amaren esnea hartzeari uzteko unean tratante bati saldu eta urrutira (atzerrira gehienetan) bidaltzen zituzten, haien trazabilitatea erabat galduz. Izan ere, txekorra gizentzea ez zaie errentagarria ateratzen, merkatuan haien haragiaren truke ordaintzen den prezio apalagatik. Horrela funtzionatzearen ondorioz, herriko baliabideekin hazitako abere horien aprobetxamendua ez da herriarentzat izaten eta abeltzainek eskuratzen duten ordainsaria merkatuaren gora-beheren menpe dago erabat.

    Zirkuitu propioa sortzeko beharra abeltzainen aldetik sortutakoa bada ere, ekimena Oiartzunen Labore Oarso Elkartearen baitan bildutako kontsumitzaileen beharrekin gurutzatzen da. Izan ere, Labore azken zortzi urteetan elikadura osasuntsua eskubidea izan dadin kontsumo kultura berri bat sortzeko lanean ari da. Lehenengo sektorea bultzatzea du xede eta horretarako ezinbestekotzat du ekoizleei haien ekoizpenaren truke prezio duinak ordaintzea. Labore Oarsok ez du irabazi asmorik eta elikadura-zirkuitu laburrak baliatzen ditu tamaina txikiko ekoizleen elikagai osasuntsuak kontsumitzaileen esku jartzeko, prezio justuak finkatuz bai ekoizleentzat eta baita kontsumitzaileentzat ere. Azken urtean, inguruko zenbait abeltzainekin txekor- eta behi-haragi loteak eskuratu eta Elkarteko bazkideei eskaintzeko saiakera egin du; emaitzak oso positiboak izan dira eta eskaera badagoela agerian geratu da.

    Herriko haragia herrian bertan jatea garrantzitsua iruditzen zaigu baina haragi horrek bermeak izatea nahi dugunez, gizentzeko prozesun jarraitu beharreko joku-arauak adostu ditugu abeltzainekin, tartean gizentzeko emango dieten pentsua (zereal ekologiko eta transgenikorik gabeak izango dena), hormona externo eta antibiotikorik gabe hazia, tratu ona jaso duena, etab. Laboreren berme guztia duen haragia izango da. Eman zaien pentsu ekologikoarekin benetan ederki hazten ari dira txekorrak, aurreneko urruxarekin aurreikusi baino hilabete bat lehenago kanpaina egiteko moduan egoteraino.

    Abeltzainek gizenduko dituzten txekorren truke merkatu librearen espekulaziorako joeratik aldendu eta ordainsari duin eta egonkorra eskura dezaten, prezioa adostu dugu. Prezioa kiloko finkatuko da eta beti ere aberea gizentzeko abeltzainak izandako kostuak kontutan izanda baina baita baserritarrei irabazi txukuna ahalbidetuko diena ere. Gaur egun Labore Oarson egiten diren haragi-lote kanpainak oso erakargarriak dira, kontsumitzaileentzat haragi bikaina prezio oso onean eskuratzeko aukera ematen dutelako, baina bereziki, ekoizleentzat ohiko harategietan ordaintzen zaiena baino nabarmen ordainsari altuagoa eskuratzeko aukera dutelako eta txekor osoa kolpetik merkaturatzeko aukera ematen zaielako.

    Hilabeteak sukalde lanetan eman ondoren, martxoaren erdialdean Oiartzungo haragi-zirkuitu propioaren lehen proba pilotua egingo dugu. Azken hilabeteotan bertako abeltzain askorekin harremanetan egon gara denok eroso egongo garen zirkuitu bat martxan jartzeko.

    Aurreneko proba pilotua egitera animatu den abeltzaina Oiantzabal Baserriko Julen da. Buruan dugun ideia datu ekonomiko errealak eskutan ditugula herriko gainerako abeltzainei proiektua aurkeztea da, piskanaka kide gehiago izan eta herriko haragiaren eskaintza maiztasun handiagoz egiteko. Momentuz Julen eta Aranburuondoko Imanol baitira proiektuko kide.

    Laborek hartuko du txekorrak abeltzainei bizirik erosi eta transformatu eta merkaturatzeko ardura. Aurrenekoa datorren astelehenean, eskuratuko dugu eta lehenengo tanda honetako haragi-loteak MARTXOAREN 11an banatuko ditugu. Datorren astean bidaliko dizuegu kanpainaren deialdia xehetasun guztiekin. Deialdia herri guztira zabalduko dugun arren, Laborezainek izango duzue haragi fresko-loteak eskuratzeko orduan lehentasuna. Modu honetan, herriko kalitatezko haragia ahalik eta etxe gehienetara iristea lortu nahi dugu baina Labore proiektuarekiko duzuen atxikimendua saritu egingo dugu. Eskaerak jasotzen ditugun ordenean konfirmatzen eta erreserba egiten joango gara beraz, interesa baduzue, adi egon eta bizkor ibili!

    Txahal-haragi gehiena loteetara bideratuko da, herritarrei 5kg-ko haragi fresko loteak eskuratzeko aukera emanez. Lote hauetan haragi mota desberdinak eskainiko dira: xerrak, haragi-xehetua, saihetsak, txuleta, zankarroia eta gisatzekoa.

    Loteetara bideratzen ez den haragiaren zati handiena transformatu eta izoztu egingo dugu (azpizuna, tripakiak, hezurrak, gibela, pikadilloa, albondigak, hanburgesak, etab.), horrela 6 hilabeteko iraungitze data izango baitu eta denboran zehar herriko haragia eskaintzeko aukera emango baitigu. Gure dendan izozkailu berria jarriko dugu datorren asteazkenean.

    Haragia hutsean ontziratua merkaturatuko dugu eta ontzietan Oiartzun Burujabe zigiluaz gain, Labore Oarsoren logoa eta unean uneko txahala gizendu duen abeltzainaren baserria zehaztuko ditugu. Oiartzun Burujabek herritik herriarentzat eraikitako proiektua dela transmitituko du. Labore Oarsok berriz, balore konkretuak betetzen dituenaren bermea eskainiko die kontsumitzaileei: osasuntsua, bertakoa, prezio duinak ekoizleentzat eta justuak kontsumitzaileentzat, zuzenean eskuratua, ingurumena errespetatuz eta lehen sektorea bultzatzeko egina. Baserriaren aipamenak abeltzainari egindako lanaren aitortza egitea ahalbidetuko digu, harrotasuna eragitea da helburua (herriaren esku jartzea haiek mimoz hazitako txahalaren haragia) eta baita ikusgarritasuna eman eta lanbidea baliotan jartzea ere.

    Lehen proba pilotu honetan haragi guztia Laboren salduko dugu, baina hurrengoetan asmoa herrira zabaltzea izango da, ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Hori dela eta, herriko komertzio txiki eta herrian artikulatuta dauden ekoizleen azokako eragileekin elkartruke bat martxan jarriko dugu.

    Poz-pozik gaude elikadura arloan herri mailan urrats garrantzitsua emango dugun sentsazioarekin, eta talaia hau baliatu nahiko genuke Juleni bere ausardia eta konpromisoa eskertzeko. Izan ere, kexatik atera eta egoera iraultzeko konponbidearen parte aktibo izatea zaila da askotan, eta bidea irekitzen duen lehenak aparteko ahalegina egiten du. Eskerrik asko Julen zalantza, ardura eta beldurra izan arren, aurrera jarraitzeagatik!! Ez izan zalantzarik guk ere gure esku dagoen guztia egingo dugula Laboretik, proba pilotua arrakastatsua izan dadin.

    Lau helburu ditu proiektuak:

    • Oiartzuarron eskura kalitatezko txahal-haragia osasuntsua jartzea
    • Herrian jaiotako txekorrak herritarrok elikatzeko izatea nahi dugu
    • Abeltzaintzara gazteak erakarri nahi ditugu eta egungoei ordainsari duin eta egonkorra eskaini
    • Herriko komertzio txikietan bertako produktuen salmenta bultzatu nahi dugu. Lehenengo proba pilotu honetan haragi guztia Laboren bertan salduko dugu baina hurrengoetan ahalik eta herritar gehienengana iristeko asmoz komertzio txikiarekin eta herrian dagoeneko artikulatutako ekoizleen azokako eragileekin hartu-emana abiatuko dugu.

    Proba pilotuaren datuak eskutan izanik, 6 abeltzain proiektuarekin bat egitea izango litzateke helburua, bi hilabetean behin txahala eskaintzeko aukera izateko, modu iraunkorrean bermatua izan nahi baigenuke haragi hornidura.

    Labore Oarsotik bertako elikagai osasuntsuen eskaera sortzen jarraitzeko ahaleginetan jarraituko dugu baina baita paraleloki ekoizpenean eragiten ere.

    Epe luzera begira herrian txahalak gizentzeko azpiegitura juridiko eta fisikoa sortu nahiko genuke abeltzainak elkarlanean aritzeko, norbera bere baserrian bakarrik aritu ordez. Kolektiboki antolatuta sinergiak aprobetxatu, pentsua erostean prezio hobeak lortu eta gazteentzat erakargarriagoa izango den formula eraiki dezakegu. Taldean arita, lanak banatu daitezke, ardurak partekatu, aisia bermatu, oporraldi eta gaixoaldiak kubritu, elkar babestu.

    Epe motzean txahal-haragian jarriko dugu fokua baina herriko bestelako abeltzainen aldetik eskaera jasoa dugu bestelako haragi motekin ere gauza bera egiteko (arkumea, oilaskoa, etab.).

    Herrian transformazio-zentro propioa sortzea ere bada epe luzeagoko helburua, ez soilik haragi-zirkuituari begira baizik eta baita herriko jantoki kolektiboak bertako eta garaian garaiko barazkiez hornitzeko ere.

    Oiartzunen auzoetako harategiak bata bestearen atzetik isten ari dira, akaso haragi-zirkuitu propioaren proiektuak saltoki hauek biziberritu ditzake eta zergatik ez herriko jatetxeren bat bertako haragiarekin egindako hanburgeseria batean bihurtu ala berria ireki? 

    Ilusioz beteta gaude proiektu honek herrian izango duen eragin positiboagatik: lehenengo sektoreko lanbideak baliotan jarri, herriko baliabideak herrian geratu, lana sortu, abeltzainen erreleboa lantzen hasteko lehen hazia erein, herritarrak sentsibilizatu, abeltzainei ikusgarritasuna eman, haragiaren truke prezio duinak ordaindu eta elikadura burujabetzarantz urrats garrantzitsua eman.