Aldian-aldian jarduera fisikoa egiteak ongizatea dakar, eta, aldi berean, diabetesa, hipertentsioa, gehiegizko pisua, bihotzeko infartuak, dementzia eta zenbait minbizi-mota prebenitzen laguntzen du.
Bizimodu sedentarioa aldiz, hau da, egunean zehar eserita edo etzanda denbora asko pasatzea arriskutsua da osasunerako.
Pertsona helduetan, astean 5 egunez jarduera fisikoa egitea gomendatzen da gutxienez 30 minutuz, eta irabaziak areagotu egiten dira astean 5 orduz egiten badira. Halaber, jarduera fisiko indartsuko 75 minutu egin daitezke aste osoan zehar (onurak areagotu egiten dira 2 ordu eta erdira iristen bada). Biak ere konbina daitezke, jarduera fisiko neurritsua eta indartsua, baina garrantzitsua da pertsona bakoitzak gehien gustatzen zaion jarduera fisikoa aukeratzea eta bere egoerara hobeto egokitzea (oinez ibiltzea, bizikletan ibiltzea, eskailerak igotzea, umeekin jolastea, etxeko lanak egitea, dantza egitea, kiroldegiko jarduerak egitea, etab).
Horrez gain, astean bi egunez giharrak indartzeko jarduerak egitea gomendatzen da (adibidez, pisuak altxatzea, banda elastikoekin lan egitea, hankak eta besoak flexionatzea, baratzean lan egitea, lorategia, yoga, etab.)
Horretaz guztiaz gain, berriki egindako ikerketen arabera egunero jarduera fisiko oso laburra baina bizia egunean hainbat aldiz egiteak nabarmen hobetzen du osasuna eta minbiziak edo gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotza-arriskua %40-a baina gehiago murriztu dezake.
Bizimodu sedentarioa duten 25.000 laguni baino gehiagori egindako jarraipenaren bidez, ikusi da egunero ariketa fisiko bizia egiteko minutu bateko edo biko hiru saio laburrak egiteak %38-40 murrizten duela minbiziak eta beste eragile batzuek eragindako heriotza–arriskua eta %48-49, gaixotasun kardiobaskularrak eragindako heriotza arriskua. Eguneroko bizitzan erran egiten diren ariketak dira, hala nola, eskailerak igotzea, azkar ibiltzea edo pisuak garraiatzea.
“Egunerokoan minutu bateko ariketa biziak egiteak %38-40 murrizten du minbiziaren ondoriozko heriotza-arriskua”.
BIZIMODU SEDENTARIOARI AURRE EGITEA
Emaitzek ondorio garrantzitsuak dituzte osasun publikoaren arloan. 40 urtetik gorako pertsona heldu gehienek bizimodu sedentarioa dute, askori ez zaielako erakartzen ariketa fisiko egituratuak edo ezin dutelako egin. Ondorioz, zure osasunak okerrera egiten du zahartu aurretik.
Eguneroko bizitzan ariketa biziak eta aldizkakoak sartzea, ordea, edonorentzat da egokia, ez baitu prestakuntza fisikorik edo instalazio berezirik behar, nahikoa da eguneroko ariketak egoki egitea.