Urriaren amaieran Agroekologia Oiartzungo erdigunean kokatu genuen, “Zure platerean hasten da mundua” dokumentala proiektatu baikenuen Landetxe Kultur Areto berrian. Bertaratutako 90 lagunek dokumentala ikusteaz gain, gure ekoizleetako batzuk bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuten. Lezoko Urrullo Arrautzakeko Ibon, Oreretako Bordaxar Baserriko Aitor eta Oiartzungo Elikako Jon izan genituen gurekin. Solasaldi mamitsua izan genuen bai haiekin eta baita dokumentalaren egileekin ere.
Benetan beharrezkoa da horrelako lanei oihartzuna eman eta baloratzen hastea gure eguneroko elikagaiak ekoizten dituztenak. Ez dira elikagai ekologikoak bakarrik! Bertako eta garaiko produktuak dira, bidezko eta gertuko tratuan oinarrituak. Ingurumena eta honen mugak errespetatuz komunitate sendo eta osasuntsuak eraikitzeko bide bat. Horren alde ari gara egunerokoan lanean Laboren.
Dokumentalaren proiekzioa herriko ikastetxeetan agroekologia eta elikadura sistemen inguruan egiten ari garen lanketarekin uztartu genuen. Izan ere, bizi dugun krisi ekosozialak gure bizi ohiturak errotik aldatzea eskatzen digu eta proiektu honetan iraultza horri ekiteko ezinbesteko osagai bat aurkeztu zaie gaztetxoei: Agroekologia.
Urrian Haurtzaro Ikastolako DBH-2ko ikasleek egin zuten lanketa Amaia eta Intzarekin horretarako Landarlanek osatutako unitate didaktikoan oinarrituz. Oso gustora aritu zirela kontatu ziguten. Aste honetan berriz, Elizalde Herri Eskolako ikasleen txanda izango da. Ezinbestekoa iruditzen zaigu gure etxeko txikienekin gaia lantzea, haiek baitira etorkizuna. Lanketari jarraipena emateko konpromisoa hartu zuten Ikastolako kideek. Bagoaz pixkanaka mezua zabaltzen!!