Ba al dakizu zer den Oiartzungo haragi-zirkuitu propioa?
Oiartzun Irratiko martxoko Manitzen irratsaioan aritu ginen eraiki dugun haragi-zirkuituaren inguruan hizketan. Herri-proiektu hau zertan den ezagutu nahi? Ez galdu!

Egia esan proiektuak Euskal Herri mailako hedabide ugaritan izan du oihartzuna: Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Bizi Baratzea astekarian, Oarsoaldeako Hitzan, etab.


Lehen proba honetan Oiantzabal baserriko Julenek kanalean 225kg pisatu dituen urruxa bat jarri du herritarron eskura. Emea izaki, gizentzen pasatako 6 hilabetetan ez du pisu gehiegirik hartu baina haragi xamur-xamurra lortzea ahalbidetu digu. Laborek hartu du aberea osorik erosi eta merkaturatzearen ardura. Martuteneko hiltegia baliatu ostean, Hernaniko Bertatik Elikatuz proiektuaren eraldatze gunean egin dute despieze eta transformazioa azkenik, Laborera ekartzeko.
Baserritarrari abereak jandako pentsua eta hiltegirainoko garraio gastua ordaintzeaz gain, egindako lanaren truke normalean merkatuan gehienez ordaintzen dena baino %39 gehiago ordaindu diogu kiloko. Gaur egun, abeltzainek txahalak gizendu beharrean amaren esnea hartzeari uzten diotenean tratanteei saldu eta urrutiko gizentzeko makro-etxaldeetara bidaltzearen arrazoi nagusia abereen truke ekoizpen kostuen azpiko ordainsaria ordaintzea baita. Guk haien lan-baldintzak duindu nahi ditugu, denok ateratzen baikara horrela irabazten. Badakizu gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen den haragi ia guztia kanpotik datorrela?
Guztira 5kg-ko 19 lote atera ahal izan ditugu baina kanpainaren erantzuna nabarmen handiagoa izan da, guztira 63 loteren eskaerak bildu baititugu. 19 lote horiek esleitzeko eskaera egin duzuen ordena errespetatu da, beti ere bazkideei lehentasuna emanez. Bigarren proba maiatzaren erdialdean egingo dugu eta bertan, aurreneko deialdian loterik gabe geratutakoek izango duzue lehentasuna, horretarako itxaron zerrendara jo eta zuekin harremanetan jarriko gara jakiteko ea bigarren deialdian lotean interesatuak egoten jarraitzen ote duzuen.
Loteetara bideratu ez dugun haragia, hutsean ontziratu eta izoztuta eskaini dizuegu 6 hilabeteko iraungitze epearekin. Horretarako, izozkailu berria eskuratu dugu. Haragia bazkide zein bazkide ez diren oiartzuarrek eskuratzeko aukera izan dute prezio berean, herri proiektua den aldetik hala egitea erabaki baitugu. Haragi-xehetuaren zati bat hanburgesak eta albondigak egitera bideratu dugu eta oso arrakastatsuak izan dira. Txahalaren despiezeak orain arte eskaintzen ez genizkizuen hainbat haragi zati eskuragarri egotea ere eragin du (bizkarkia, muturrak, masailak, etab.) eta horiek ere hegan egin dute. Bigarren proban formatuetan eta haragi-mota bakoitzera bideratutako kopuruetan moldaketa batzuk egingo ditugu zuen eskaerara hobeto egokitzeko.




Orohar zoragarria izan da Oiartzungo Haragi-zirkuitu propioko aurreneko proba pilotuak zuengan eragindako erantzuna. Dagoeneko azken haragi puskak besterik ez zaizkigu geratzen. Dastatu dugunoi oso xamurra eta haragi bikaina iruditu zaigu. Oraindik ez baduzu dastatu, ez galdu aukera!!
Bigarren probara begira, salmenta prezioak zertxobait jaisteko asmoa dugu eta emaitza ekonomikoak mahai-gainean izanik, gure asmoa abeltzainekin abereen prezio egonkor bat adostea da. Esan baita ere, aurreneko proban hildako urruxak 11 hilabete eta astebete zituela eta bigarren saiakerakoa aldiz, 12 hilabeteren bueltan egongo da, horrek ere neurria hartzen lagunduko digu.
Lan-eskerga egin dugu zirkuitua eraikitzen, joku-arauak definitzen, abeltzainari bidelaguntza eskaintzen eta ekimena sozializatzen baina merezi izan du!! Abeltzaina, iritzia eman diguzuen Laborezainak eta gu geu ere lortutako emaitzekin oso pozik gaude.
Lehenengo proba honen arrakastak eskaintza areagotzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu, ematen ditugun urratsen inguruan jakinaren gainean mantenduko zaituztegu. Milesker bihotzez!!


