Urmendi 0-3 proiektua Oiartzunen esperantza ereiten duen proiektua da, haur-eskola eredugarria da zentzu askotan. Proiektuaren logikaren eta jardunaren erdigunean haurrak, familiak eta hezitzaileak jartzeko hautu politikoa dute egina, prozesuak eta bizitzak zaintzeko apustua eginez eguneroko ekintza xumeenaren gauzatzetik, funtzionamenduari lotutako bestelako egiturazko erabakietaraino. Sukalde propioa du eraikinak, baita unean uneko lanketetan formatutako sukaldari taldea ere, zeinak, egunero-egunero, su txikian, tokiko janaria (eta ahal dela ekologikoa) kozinatzen duen, abegitsu eta goxo.
2022 urte hondarretik Labore Oarsok hornitzen du bertako sukaldea garaian garaiko eta bertako ekoizleen elikagai osasuntsuekin. Dakizuen moduan gure helburu behinena kontsumo kultura berria sortzea da eta horretarako ezinbestekoa da jantoki kolektiboen hornidura-sistema iraultzea. Urmendi zentzu horretan aitzindaria izan da eta erakutsi du borondatea baldin badago aldaketa posible dela. Horregatik, sarritan foro desberdinetan eredutzat aurkezten dugu elkarren artean sortutako elikadura-zirkuitu laburra.



Mugen Gainetik Gobernuz Kanpoko Erakundea Labore Oarsorekin elkarlanean Gizartea Eraldatzeko Sentsibilizazio eta Hezkuntzaren (GEH) arloko dirulaguntzen deialdira aurkeztu zuen Donostiako eskola-jangelak elikadura burujabetza eredurantz proiektua eta marko horretan gauzatu dugun azken ekimena dokumental bat egitea izan da. Bertan Urmendi haur-eskolaren sukaldea jarraitu beharreko eredu gisa aurkezten dugu:
Otsailaren amaieran jakin genuen Eusko Jaurlaritzak ez diela Udal haur eskolei diru-laguntzarik emango aurrerantzean. Hori dela eta, Urmendi haur eskolaren herri proiektua koloka larrian dago. Herriaren ondare kuttuna da Urmendi haur eskola. Ikasle ohi bezala, guraso, ahaide, eta herritar bezala asko zor diegu bertako hezitzaileei eta urtetan zehar herritarrekin hartu-emanetan poliki-poliki ehuntzen joan diren proiektuari. Larritasunez bizi ditugu Eusko Jaurlaritzaren testuinguru politikoan hartutako erabakiak, ez baitie aurrerantzean Udal haurreskolei diru-ekarpenik egingo. Honen bidez, Udal haurreskolak Haurreskola Partzuergoa sarera bultzatzen dira, 0-2 etapan soilik, eta gure kasuan, Oiartzunen 0-3 proiektu propioa desegitea dakar. Guzti honen aurrean, herri proiektuari gure babes osoa adierazi nahi diogu eta ozen esan nahi dugu Urmendi herriarena dela.

Orain arte, eta gaur egun, Eusko Jaurlaritza haur-eskolaren finantzaketaren heren batez arduratzen da, gutxi gorabehera; gainerakoaz, Oiartzungo Udala, bistan den bezala. Bada, 2024ko azaroan Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen udal haur-eskolak finantzatzeari utziko diola, eta aukera erreal bakarra haur-eskola horiek Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren sarera igarotzea izango dela. Gainerakoan, udalak finantzaketa oso-osorik bere gain hartu beharko luke, jakitun udal aurrekontuak, besterik gabe, ezin diola aurre egin dirutza horri.
Gehiago jakiteko irakurri Oarsoaldeako Hitzan eginiko artikulua eta herri plataformako kideek joan den astean hedabide berera igorritako gutuna.
Galdera bat, galdera handi bat geratzen zaie plataformako kideei, Laboreko kideok ere partekatzen duguna. Esperantza eta etsipena batzen dituen puxika itxurako galdera da, kezkaz eta tristuraz hazten doana: eta orain, zer? Ez al dago, benetan, borondate politikorik bestelako eszenatoki batzuk arakatzeko? Hezkuntza eredu publiko-komunitarioaren kimu gisa, ez al du Urmendik etorkizunik EAEko hezkuntza esparruan? Eta jendarte moduan, zeren alde borrokatuko gara ez bada behinena den kalitatezko azpiegitura sozial eta herritar honen alde?


