Artoa elementurik inportanteenetako bat izan da laborantzako eta sukaldaritzako kulturan Euskal Herriko isuri atlantikoan. Hondarreko urteetan, ordea, azkarki apaldu da labore gisa, eta gero eta gutxiago kontsumitzen da.
Prozesu horren ondorioz, desagertzen ari dira arto aldaerak, mendeotan bertakotzen joan direnak, ibarrez ibar eta herriz herri. Ikusirik gero eta jende gutxiagok eusten dietela tokian tokiko aldaerei, garrantzitsua iruditzen zitzaien prospekzio lan txiki bat egin eta Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan oraindik erabiltzen diren artoak identifikatzea. Nahiz eta tokiko aldaera gutxi mantentzen diren, oraindik 27 aldaera ezberdin identifikatzeko aukera izan dute 2025ean; lehendabiziko karakterizazio bat egin dute, eta aldaera bakoitza zein zaugarritasun mailan dagoen aztertu dute (zenbateraino dagoen desagertzeko arriskuan).
Lurraldeotako girora ongi egokitutako aldaerak dira, eta biziki interesgarriak izan daitezkeen ezaugarri organoleptikoak dituzte (aroma, zapore, kolore) hemengo ekoizle eta produktugileentzat, tokiko artoak eta eratorritako produktuek gaur egun eskaintzen duten potentziala aztertu nahi balute.
Lan hau bukatu eta aurkezteko, jardunaldi bat egiteko asmoa dute datorren otsailaren 21ean Zubietan, eta bertan, artoaren kulturaren inguruko ezagutzak trukatzen ahal izango dira laborantzaren eta sukaldaritzaren ikuspegitik. Jardunaldi irekia izango da gure baserritarrek kontserbatu eta transmititu duten ondare biokulturala ezagutu nahi dutenentzat, baina, aldi berean, etorkizunari begiratu eta elkarrekin gogoetatzeko balioko du, gaur egun artoak laborantzan eta sukaldaritzan eskaintzen dizkigun posibilitateen inguruan. Hona hemen prestatu duten egitaraua:
09:00 – 11:00 Zubietako errotan Tokiko aldaerak ehoko ditugu, eta jakintzak trukatuko ditugu errotazain batzuekin.
11:00 – 13:30 Zubietako herriko plazan Tokiko arto aldaeren erakusketa. Artoa nixtamalizatzeko tailerra. Taloak egiteko tailerra. Tokiko artoen dastatzea.
13:30 Zubietako herriko plazan Bazkaria (taloa eta sagardoa).
16:00 Zubietako soziedadean Tokiko aldaeren prospekzioaren aurkezpena. Euskal Herrian artoarekin ikustekoa duten proiektuen aurkezpena.
Proiektu hau Cederna Garalurren bidez kudeatzen ari diren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarrekin finantzatutako ekimena da.
Gaian interesa izanez gero, guztiz ongi etorriak izango zarete.



