Oarsoaldean tokiko moneta sortzearen asmoak honako helburu hauei erantzuten die: aberastasuna bertan geratzea, tokiko ekonomiaren birlokalizazioa sustatzea eta lurraldeko komunitatea balore batzuen gainean indartzea da.
Ipar Euskal Herriko Euskoaren esperientzian oinarrituta, Baztanen eta Oarsoaldean moneta bat ezartzeko oinarriak eraikitzen ari gara, gerora, beste lurraldeetara zabalduko duguna, eta Euskoarekin batera Euskal Herriko moneta bilakatzea nahi duguna. Moneta hau tresna ekonomikoaz gain, tresna soziala ere bada, lurraldeko eragileekin elkarlanean sistema garden, segurua eta sozialki konprometitua bermatuz eta kohesio sozialerako tresna bihurtuz.
Zer da tokiko moneta?
Eskualdean sortuko dugun moneta da; oraingoz bertan erabiltzeko eta gerora Euskal Herriko beste lurraldeetan ere bai (Baztan, Oarsoaldea, Bidasoa, etab.).
Zergatik eta zertarako da?
- Bertako sosa bertan geratzeko. Gure ekonomia indartzeko.
- Bertako ekoizle, merkatari eta sortzaileen produktuak bultzatzeko; bertakoa kontsumitzeko.
- Bertako balore eta balioak bultzatzeko: tokiko ekonomia, euskara, ingurumena, justizia soziala, zaintza, parekidetasuna, kulturaniztasuna eta inklusioa.
- Trantsizio ekologikoaren aldekoa.
- Laborantza herrikoiaren alde, lurrari lotutako laborantzaren alde.
- Lurraldearekin lotura eta konpromisoa.
- Kohesio soziala indartzeko.
- Denona den moneta; inor kanpoan utziko ez duena.
- Ekarpen soziala duen moneta: elkartegintzaren inplikazioa eta onura.
Zein dira atzean dauden balioak?
TOKIKO EKONOMIA. Ekonomia berriro Euskal Herrian egin eta tokiratu nahi dugu. Gure lurraldeetako ekoizle, hornitzaile, saltoki, enpresa eta elkarteen arteko elkartasuna saretuz, aberastasuna lurraldean geratzea bermatuko dugu.
EUSKARA. Jarduera ekonomikoan eta sozialean euskara ardatzera ekarri, hizkuntza eskubideak errespetatu eta egurekotasuna bizigarriagoa egingo dugu. Euskararen paisaia eta erabilera zabalduz, harreman sozial eta ekonomikoetarako ezinbesteko tresna izateko bidea egingo dugu.
INGURUMENA. Jokabide ekologistarekin eta ekonomia zirkularraren bidez, uraren eta energiaren kontsumo jasangarriagoa eta hondakinen murrizketa eta kudeaketa egokiagoa bultzatuko ditugu. Ingurumena zaintzen duen lurrari lotutako nekazaritzaren alde egingo dugu.
JUSTIZIA SOZIALA. Gizarte orekatua, kohesionatua eta justua helburu duen eraldaketa sozialaren alde, zaintzak ikuspegi feministaz landuz, gizarte berdinzale eta inklusiboago baten alde, gure lurraldeetan bizi garen pertsona guztion bizitzen alde, edozein dela ere jatorria, kultura, sinismena edo bizimodua, diskriminazioei aurre eginez, inor bazterrean utzi gabe, parekidetasunaren eta sexu askatasunaren alde eginez.
Zergatik egin bazkide?
- Tokiko ekonomia indartu eta aberastasuna bertan mantentzeko erraminta sortzen laguntzeko.
- Bertako ekoizleen, komertzioen eta bizimoduaren alde egiteko.
- Denona den moneta bat sortzeko, inor baztertuko ez duena.
- Sarean sartuko diren elkarte, udal eta enpresek euskara lagunduko dutelako.
- Gurea delako eta etorkizunean denona izango delako.
Zer da bazkidetza?
Gizartearen Moneta egitasmoa diruz laguntzeko Bazkide Laguntzailea figura sortu da.
Herritar bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera egin nahi duen ekarpena aukeratu dezake, gutxienez 30€ izanik.
Laguntza soilik aurten ordainduko da, hau da, ordainketa bakarra da, ez da urteroko ordainketa bat izango.
Nola bazkidetu?
Bazkide egiteko bi orri bete behar dira:
- Laguntza kopurua zehazteko orria (datu pertsonalak eta egin nahi den ekarpen ekonomikoa)
- SEPA zordunketa zuzena helbideratzeko agindua sinatuta (kontutik pasako baita egin nahi den ekarpena)
Bi orriak eskuragarri dituzue Laboren bertan, interesa izanez gero, eskatu dendariei.
Tokiko ekonomia indartzeko, merkataritza txikiak laguntzeko, kontsumo arduratsua sustatzeko helburuarekin, ekonomia soziala indartzeko, etab. hainbat moneta osagarri ezartzen ari dira Europan. Moneta hauek krisiei aurre egiteko erresilientzia handitzen dute eta ekonomia globaletik piska bat askatzen laguntzen dute, tokikoa lehenetsiz.
Baina aurrera pausu hori emateko moduan al gaude Oiartzunen? Diruari buruzko jakintza partekatu eta moneta osagarrien inguruko kezkak argitzeko bi gonbidatu izango ditugu. Batetik, Dante Edme, Ipar Euskal Herrian sortutako Eusko elkartearen sortzaileetako bat, eta, bestetik, Luix Intxauspe, egun, euskoa Hego Euskal Herrian zabaltzeko lanetan ari dena.
Hitzordua bihar dugu, otsailak 11, arratsaldeko 19:00etan Arizmendienean.

Oarsoalde mailako aurkezpena berriz, OTSAILAREN 25ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da Oreretako Lekuona Fabrikan.

Zatoz tresna interesgarri bezain baliotsu honen berri izan eta gizartearen monetaren zimenduak finkatzeko prozesuaren parte izatera.
Bertan ikusiko dugu elkar!!


