facebook instagram youtube
  • Ehungintza etikoan fokua

    Azaroaren amaieran Kotoi dokumentalaren proiekzioa aitzakiatzat hartuta ehungintzaren inguruan aritu ginen hizketan Kotoiko Fanny eta Emauseko Albertorekin. Oso solasaldi interesgarria eta parte hartzailea izan zen. Bertan hizketagai izan genituen astero astero birtziklatzeko kontainerretara bota eta Oreretako ehunen berreskuratze lantegira iristen zaizkien jantzien toneladak, 2. eskuko arropen industrian ere sortzen ari diren mafiak, Hego hemisferioko lurraldetako zabortegietara bideratzen diren jantzien mendi erraldoiak,…

    Dokumentala proiektatzeko hitzaldi gelan instalatu berri dugun proiektore eta pantaila berria estreinatu genituen. Hemendik aurrerako bideo proiekzio eta batzarretarako baliatuko dugu, proiektatzen ditugun irudien eta ahotsaren kalitatea nabarmen hobetuz.

    Kotoi tokiko marka jasangarria da, kotoi fabriketako emakume langileen istorioetan eta aurreko mendeetako janzkeran inspiratzen dena. Proiektu honen atzean Maialen eta Fanny daude eta Fanny gurean izan zen Kotoi proiektua azaldu eta ehungintza etikoaren inguruko solasaldian parte hartzeko. Arropa diseinatu, patroiak egin eta kantitate txikiak egiten dituzte, filosofia arduratsu eta kontzientean oinarrituta, eta bizitza baliagarria ematen diote enpresa handietan ekoitzitako material guztiari; zehazki, Evlox enpresaren ehun-hondakinei (1846an sortua eta Espainiako denim fabrikatzaile nagusia), eta, hala, hondakin horiek alferrik galtzea saihesten dute. Bidaltzen dizkieten kaxak irekitzen dituzte, zer pieza iritsiko diren jakin gabe, eta hurrengo arropetarako erabiliko dituzten ehun berriak aurkitzen dituzte. Hortik sortu zen Kotoi, Evlox Denimen ekoizpenean soberan geratutako ehunen lehen dohaintza batetik. Kotoi denim zatiak, mahoiak, ehun zuriak, galtza bakero zatiak… Eta solasaldian ere berrerabilketaren aldeko aldarria egin zuen, ez hainbeste jantzi izateko armairuan baizik eta kalitateari, lehengaiei eta ekoizpen prozesuari erreparatzeko haiek aukeratzeko orduan. Ildo horretan, haiek egiten dituzten jantziak bi aldetatik erabili daitezke, neguan barrutik arropa gehiago jarrita; armairuan ditugun gainerako kaleko jantziak zahartzean pijama bezala erabiltzeko gomendio egin zigun eta behin horretarako ere balio ez dutenean, zati txikiagoetan moztu eta sukaldeko trapu bihurtzeko ideia ere mahaigaineratu zuen.

    Izan ere, ehungintzaren dramari buelta emateko deshazkundeaz hitz egitea ezinbestekoa da, gaur egun sortzen den ehun-zabor kopuru izugarriak birtziklatzera botata ezin baikara lasai geratu, zabor horren sorrera saihestu behar dugu nola edo ahala, ehunen berreskuratze eta birtziklatze zentroak gainezka baitaude dagoeneko.

    Laboreko hitzorduaren egun berean baina goizean Apartak 2025 sariak banatu zituzten Donostian eta Fanny saritua izan zen bertan. Apartak gizartearen hainbat arlotan, haien helburuak lortzeko erronka pertsonalak eta profesionalak gainditzeko gai izan diren eta etorkizuneko belaunaldientzako eta, oro har, gizartearentzako eredu eta estimulu izan diren emakume bikainak aintzatesteko sariak dira. Aurtengo sari banaketaren kronika osoa irakurtzeko klikatu hemen.

    Fannyk Gipuzkoako kotoi-industrian lan egin zuten emakumeen lana omentzeko “Kotoizko emakumeak” proiektua garatu du, ehungintzako langileei egindako omenaldia dena. Pandemia pasa bezain pronto 90 urtetik gorako hamalau emakumerekin harremanetan jarri eta bere proiektua martxan jarri zuen. Jantziak sortzen elkarrekin urte luzeetan zehar lanean haritutakoak elkarrizketatu zituen eta partekatutako istorioen bidez argitara atera zuen emakumen hauek zein baldintzetan aritu ziren lanean, nola jarraitzen duten egun lagunak izaten, igandetako dantzaldietara joateko nola trukatzen zituzten soinekoak, nola laguntzen zioten elkarri eta nola borrokatzen ziren haiek eta haien familiak aurrera ateratzeko.

    “Kotoiko emakumeak” proiektuak oso bizirik eta hazten jarraitzen du. Fannyk kontatu zigunez oso pozgarria da, ikusi duelako proiektua aurkezteko bisitatu dituzten herrietan gaiak herritarrak hunkitzen dituela, baita gazteenak ere. Aitortu zuenez bizitza beste ikuspegi batzuetatik ikusteko aukera eman dio, eta orain “amona” asko ditu, bereak hil arren. Honako gomendioa egin zigun: telefonoa alde batera utzi, telebista itzali eta hartu tartea adineko pertsonak entzuteko.

    Fanny ezker eskuin ibiltzen da joskintzako tailerrak ematen eta badirudi gizartean gero eta interes handiagoa dagoela norberak bere jantziak eta oihalezko tresnak zein osagarriak sortzeko, hori ere bada ahalduntzea ezta?