facebook instagram youtube
  • “Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana” liburuaren aurkezpena Onintza Enbeita idazlearekin

    Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: “Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe”. Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari emana bizi izan dena Muxikako Igertu baserrira ezkondu zenetik. 

    AZAROAREN 27an, OSTEGUNA, Laboren izango dugu Onintza Enbeita liburua aurkezten. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan abiatuko da goiko hitzaldi gelan.

    Enbeitak azaldu digunez, irakurle askoren gutunak eta mezuak jaso ditu eta gehienek esan diete euren ama edo amona ikusi dutela kontakizun horretan islatua; eta adin nagusienekoek esan diote euretako edonoren bizitza izan zitekeela. Hori da liburu honen ezaugarrietako bat, berariaz emakume baserritar baten bizitza arrunt bat hautatu izana.

    Liburua euskara batuan argitaratu den arren, Feli eta Onintzaren arteko elkarrizketak bizkaiera itxian izan ziren, ondoren, Onintzak bizkaiera jasora itzuli zuen eta azkenik euskara batura.

    Irakurle bakoitzari gai edo egoera batzuek emango diote arreta: egungo bizimoduaren oso desberdina delako agian, eta ez direlako hainbeste urte pasatu. Edo alderantziz, egun aurrerakoitzat daukaguna duela hamarkada batzuk arrunta zela ikusiko duelako beste gai batzuetan.

    Enbeitak dioenez, liburu hau ez da buruarekin soilik irakurtzen. Jende bati oroitzapenak pizten dizkio, aurreko belaunaldiarekiko maitasuna, eta abar.

    Seguru gaude liburuak solasaldirako aukera polita emango duela.

    Gorde ongi data zuen agendan eta zatozte!!