Datorren AZAROAREN 21ean, OSTIRALA, 1. Arropa Truke Azoka egingo dugu Laboren bertan. Ideia urtean bitan egitea izango da, armairu aldaketarekin kointzidituz udazken eta udaberrian. Egungo kontsumo eredua iraultzeko ehungintzaren alorra ere landu behar dugula iruditzen zaigula planteatzen dugu. Izan ere, badakizu ekoizten diren hiru jantzietatik bakarra janzten dela eta arropa kontainerretara iristen diren jantzi asko eta askok oraindik etiketak dituztela? Kapitalismoak bultzatzen duen kontsumismoaren alternatiba gisa ekonomia zirkularra planteatzen dugu. Denoi gustatzen zaigu armairua berritzea eta jantzi berriak eskuratzea baina zergatik ez egin arropa trukatuz, berria erosi beharrean?
Trukea egiteko honako joku-arauak finkatu ditugu:
- Ezingo dira barruko arropa, bainujantzi, oinetako eta osagarriak ekarri
- Egoera onean dauden jantziak onartuko dira soilik
- Zuk trukean hartuko zenituzkeen jantziak ekartzea eskertuko genizuke
- Bakoitzak gehienez 5 jantzi ekartzea pentsatu dugu
- Jantziak entregatzean, tiketak jasoko dituzu beste batzuekin trukatzeko (oinarrizko kamisetak: 1 txartel / gainerako kamiseta eta galtzak: 3 txartel / beroki, kazadora, soineko edo petoak: 5 txartel)
- Entregatu eman dizkizuten txartelak gustuko dituzun beste jantzi batzuk etxera eramateko
Arropa Truke Azoka 17:00etan abiatuko da eta 20:00ak arte iraungo du, tarte horretan nahi duzuenean etor zaitezkete zuen jantziak trukatzera. Nahi izanez gero, hasieran entregatu ditzakezue zuen jantziak eta arratsaldean zehar une desberdinetan erabili zuen txartelak.
Saiatuko gara jantziak probatu nahi dituzuenontzat txokoren bat atontzen.
Trukatu gabe geratzen zaizkizuen txartelak hurrengo arropa truke azokan erabili ahal izango dituzue baina saiatuko gara ere aurretik Oreretako Emausen dendan ere erabilgarriak izan daitezen adosten (Nafarroa hiribideko 25-27an dagoen 2. eskuko EkoShop saltokian). Izan ere, trukatu gabe geratzen diren jantziak Emaus Gizarte Fundazioari emango dizkiogu dohaintzan.
Egunean bertako antolaketarako Oiartzungo hezkuntza-zentroetan ehungintzaren gaia lantzen ari diren DBH3ko ikasleen laguntza izango dugu.
Datozen bi astetan botatzeko duzuen arropa biltzeko edukiontzia Laboren jartzeko hartu-emanetan gaude Emauseko kideekin. Baieztatzen badigute, jakinaraziko dizuegu.
Lan askorekin gabiltza ekimen berri hau arrakastatsua izan dadin baina baita oso ilusionatuta ere, ea guztion artean ongi ateratzea eta etorkizuneko hazi sendo bat ereitea lortzen dugun!! Egin dezagun ekonomia zirkularraren alde bestelako mundu bat eraikitzeko.





