Azaroan zehar bestelako kontsumo eredu bat sortzeko bidean ehungintzan jarriko dugu fokua. Herriko hezkuntza zentroetan moda-azkarraren erpin ugaritako kalteak aztertzeaz gain, alternatibak landuko ditugu. Lanketa gizarte osora hedatzeko asmoz, hona hemen gure aurreneko proposamena: AZAROAREN 14an, OSTIRALA, arratsaldeko 18:00etan LABOREN Kotoi DOKUMENTALA eta moda jasangarria, ekonomia zirkularra eta ehungintza sektorearen erronken inguruko solasaldia izango dugu.
Kotoi tokiko marka jasangarria da, kotoi fabriketako emakume langileen istorioetan eta aurreko mendeetako janzkeran inspiratzen dena. Proiektu honen atzean Maialen eta Fanny daude. Arropa diseinatu, patroiak egin eta kantitate txikiak egiten dituzte, filosofia arduratsu eta kontzientean oinarrituta, eta bizitza baliagarria ematen diote enpresa handietan ekoitzitako material guztiari; zehazki, Evlox enpresaren ehun-hondakinei (1846an sortua eta Espainiako denim fabrikatzaile nagusia), eta, hala, hondakin horiek alferrik galtzea saihesten dute. Bidaltzen dizkieten kaxak irekitzen dituzte, zer pieza iritsiko diren jakin gabe, eta hurrengo arropetarako erabiliko dituzten ehun berriak aurkitzen dituzte. Hortik sortu zen Kotoi, Evlox Denimen ekoizpenean soberan geratutako ehunen lehen dohaintza batetik. Kotoi denim zatiak, mahoiak, ehun zuriak, galtza bakero zatiak…
Janzkera errepikatzearen alde daude, erritual gisa. Moda azkarrak eta joerek oharkabean murgiltzen gaituzten irrika eta erosketa konpultsibo eta premiarik gabekotik urrunduz. Errepikapenean identitatea aurkitzen dugu, eta horrek pertsona bezala eraikitzen laguntzen gaitu.
Dokumental honetan, markaren sortzaileek, errespetuz, omenaldi kutsuz eta modu iraunkorrean kontsumitzea posible den itxaropenez egindako produktuak eta bildumak garatzera inspiratzen dituen istorioa kontatzen digute. Zatoz haiekin batera Kotoiren jatorria, ehungintzaren ikerketa eta dedikazioaren emaitza, eskuz eginiko lan artisaua eta haien prozesuak ezagutzera.
Oharra: solasaldia gazteleraz egingo dugu gurera datorren Kotoiko kideak horrela eskatuta, ez baitu saioa euskaraz jarraitzeko nahikoa gaitasunik.








