Maiatzaren 15etik 25era, 11 egunez, Euskal Herri osoan milaka herritarrok euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin aritzeko engaiamendua hartuko dugu. Eragin bikoitza duen ariketa soziala da: eragin kolektiboa duen desafio pertsonala da eta eragin pertsonala duen desafio kolektiboa. Jauzi hori taldean egiteak indartuko gaitu, dudarik gabe. Baina ez du dena egingo; guk ere egin beharko dugu gure bidea. Garrantzitsuena desafio hori joko bat bezala hartzea da eta plazera begiztatzea.
Laboren, gure hastapenetik beretik, Euskara burujabetzaren bidean lan-ildo transbertsal gisa dugu eta dakizuen moduan, egunerokoan euskaratik eta euskaraz bizi gara. Gauzak horrela, koherentzia ariketa bat iruditzen zaigu Euskaraldiaren edizio honetan ere entitate bezala parte hartzea. Honenbestez, Euskaraldia ikusgarriagoa egin eta entitateetan parte hartzen ari garela erakusteko banderatxoa ikusgarri izango dugu identifikagarri gisa, entitateak ere Euskaraldiarekin jantziz!

Jarraian Euskaraldiaren antolatzaileek emaniko zenbait aholku zerrendatu nahi izan ditugu: lehen hitza euskaraz egitea, hizkuntza aldaketa piztea, ulermena hobetzea eta asertibitatea lantzea.
LEHEN HITZAK EUSKARAZ
Zergatik?
- Elkarrizketa bat euskaraz hastea, elkarrizketa hau euskaraz segitzeko molderik onena da.
- Parean duzun pertsona ezezagunak euskara dakien jakiteko bide zuzena da
- Zure solaskidea euskararen mundura gomitatzeko.
- Jendea agurtzea, euskaraz bada ere, kortesiaz eta adeitasunez jokatzea delako.
- Euskaraz aritzea, besteen aitzinean hizkuntza hau konkretuki espazio publikoan existiarazteko aukera delako.
Norekin?
- Ez fidatu itxuraz, janzkeran, adinean, sudurraren luzeran edo jatorrian.
- Ezagun edo ezezagunekin, egoera formalean edo informalean, jendea euskaraz agurtzea jokamolde kontu bat da, ez testuinguruaren araberakoa.
- Lehen hitzak euskaraz beti: goizez, arratsez, nekatua, pozik edo forman, berdin-berdin.
- Elkarrizketa osoa euskaraz segitzeko gai ez bazira ere, lehen hitzak euskaraz erran eta beharrez erdarara lerratu.
- Sorpresa ederrak izango dituzula kontuan izan.
Nola?
- Ez lotsatu, entzun behar zaitugu: ongi ahoskatu, ozen mintzatu eta doinu goxoa erabili.
- Jarrera zaindu: gorputzaren hizkerak garrantzia du.
- Zuk bota lehen hitza: errexago izanen da lehenik zuk euskara eskaintzea, ‘Bonjour’ / ‘Buenos días’ bati ‘Egun on’ erantzutea baino.
- Parekoaren erreakzioei arreta eskaini: nola erantzuten du? Zer portaera du? Ez nau ulertu edo harritua izan da? Euskaraz segitzen ahal dut?
- Erdarara lerratuz gero, berriz lotu euskarari: agurra partekatzea baino gehiagorako balio du euskarak.

HIZKUNTZEN ALDAKETA PIZTU
Familian, lanean, hurbilekoekin, ezezagunekin euskara gehiago erabiltzeko.
- Gogoeta. Aldaketa ez da hain naturala; zure baitan gogoetatzeak eta zure inguruan mintzatzeak lagunduko zaitu.
- Prestaketa. Aldaketa ez da inprobisatzen; hobeki prestatzeko aukerak existitzen dira (tailerrak, bideoak, infografiak…).
- Progresibitatea. Lorgarriak eta egingarriak zaizkizun aldaketekin hasi, neurriko ahaleginak lehenetsiz.
- Optimismoa. Ez da beti errex izanen, baina lorpenak baloratu eta ez ahantz urratsez urrats lortuko duzula.
- Jarraikitasuna. Errepikapenaren indarraz dira ohiturak aldatzen; ez etsi eta eutsi ariketari aldaketari.
- Plazera. Hasieran artifiziala edo bitxia bada ere, laster gaindituko duzu trantsizio fasea eta gozatuko duzu euskaraz gehiago bizitzea.
- Desafioa. Milaka herritar ibiliko dira aldi berean ariketa berdina egiten; izanen duzu hortarako babesa.
Hizkuntza ohiturak ez dira aldaezinak, goza euskaraz gehiago, ausartu euskaraz gehiagorekin eta mintza
euskaraz gehiagotan. Aldaketa zure baitan hasten da! Jendeen arteko elkarrizketez gain, zure hizkuntza hautuak biziaren beste hainbat eremutara ere aplikatu ditzakezu: euskal kultura gozatu; denda bat hautatzean, Bai euskarari edota Bikain ziurtagiriak edo Euskal monetaren 3. desafioa duten
establezimenduak lehenetsi; telefonoaren erantzungailua euskaratu; Euskal hedabideen bidez informatu.
Elkarrizketa elebidunak saiatu
- Elebiko elkarrizketak posible dira : solaskide bat euskaraz eta bestea nagusiki erdaraz aritzeak ez da akaso natural egiten baina posible da.
- Erdaraz ere aritzeko aukera : salbuespen moduan, erdarara jotzeko posibilitatea eskaintzeak presioa arindu dezake.
- Euskarari berriz lotzeko premia : komunikazioaren simetria berrorekatzeko eta ahozkoaren gaitasunak garatzeko, erdarara lerratzen dena berriz lotu euskarari.

ULERMENA EGIAZTATU
- Ezezagunekin, ulermenaren keinuei arreta eskaini: begirada galdua du, galderei ez die erantzuten, haria galtzen duela dirudi?
- Argiki galdetzen ahal zaio ulertu duen edo ez.
- Elkar ulermena egiaztatu: solaskideen arteko konfiantza azkartzeko, elkarrizketa denboran tarteka ziurtatu elkar ulertzea bermatua dela. Ez da denbora galtzea edo solaskidea infantilizatzea.
- Umiltasunez eta sinpleki jokatu: batzuetan, buruarekin keinu bat eginez, edo hitz sinple batez posible da ulermena egiaztatzea elkarrizketa moztu gabe.
- Estrategiak egokitu: ongi ulertzen baduzue elkar, segitzen ahal duzue. Ulermen arazoak badira, egokitu beharko duzue berriz solasari sanoki lortzeko.

ASERTIBITATEA
Hasteko, asertibitatea elkarren arteko harremanak lasaitzeko portaera bat da. Molde orokorrean, norberak bere burua afirmatzean oinarritzen da, besteak errespetatuz. Beste molde batez adierazita, mezu bat pasibitate eta agresibitaterik gabe pasarazteko gaitasuna da. Hizkuntzara ekarriz, asertibitatea da hiztunak haren hizkuntza hautua plazaratzea, denen arteko errespetua eta bizikidetza eraikitzeko asmoz. Hizkuntza asertibitateak 3 egoera saihestu nahi ditu:
- Bazterrera uztea: “ez dut nire hautua errespetaraztea lortzen, beraz ahal dudalarik erabiliko dut eta besteetan ez.”
- Menpekotasuna: “nirea ez den hizkuntza hautua onartzen dut, gehiengoaren onerako (eta indartsuena delako).”
- Agresibitatea: “nire hizkuntza hautua indarrez inposatzen saiatzen naiz (gehiengoan edo minorian izanik ere).”
Euskaraz egiten edo egin nahi dudalarik kritikak, deskalifikazioak edo erasoak jasotzen baditut 4 erantzun posible gomendatzen dizkizugu:
- Erasoa ez dut itzultzen. Isiltasuna da erantzunik onena. Euskara plazaratzeari indarra eman nahi diot beraz energia horretarako aurrezten dut. Ahal bezain ahalegin ttipienarekin eta ahalik eta kostu emozional ttipienarekin erasoa neutralizatzen dut. Erantzun labur eta hipotetikoak: “agian”, “baliteke”, …
- Nire portaera ez dut justifikatzen. Parekoa ez dut konbentzituko, nire ikuspuntua ez du bere egingo. Bere historia du, bere ibilibidea, mundua ikusteko bere moldea. “Zergatik egin nahi duzu euskaraz? Zergatik ez?” Disko marratua: “ulertzen dut zure argumentua baina euskaraz segituko dut”, “ikusten dut… baina euskaraz segituko dut”, …
- Ardura lekuz aldatzen dut. Asaldatzen denak esplika dezala zergatik egiten duen eta zer duen nire hautuaren kontra. Berak justifika dezala zein den bere munduaren ikuskera.
- Absurdora jo dezaket, inoiz irri egin gabe. Neutralizatzeko bide bat izan daiteke harridura sortzea egoera deseroso batetik azkar ateratzeko. Kritika indartzea : “Zurekin arras ados naiz.” Eta kritika aitzin bezala segitu, euskaraz.

Aholku gehiago nahi izanez gero, sartu honako lotura honetan:
‘Prestakuntza. Hizkuntza portaerei lotutako baliabideak‘
Bihartik aurrera jantzi zure txapa eta hartu euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin aritzeko engaiamendua!!