Gaur egun gailu digitalak egunero eta egun guztian zehar ibili ohi ditugu. Lanean edo ikastetxean bertan, nonbaitera joateko modurik azkarrena zein den jakiteko, lagun bati whatsapp bidez harremantzeko, e-posta berriren bat iritsi zaigun ikuskatzeko, dei baten zain gaudelako, zer o zer erosteko, sare sozialetan denbora pasa aritzeko, interneten informazioa bilatzeko, filma bat ikusteko…
Gure egunerokoan sakonki errotuta daude, baina, tresna berriak izanik gure osasunean daukaten eragina oraindik aztergaia da.
Momentuz, gailu hauen erabilerak loarekin, obesitatearekin eta depresioarekin daukaten eragina izaten ari dira gehien aztertutakoak.
Izan ere, egun gailu hauekin pasatzen dugun denbora lehen, beste norbaitekin hizketan, irakurtzen, mugitzen… pasatzen genuen eta gehienetan etxetik kanpo.
Gainera, hauek igortzen dituzten izpiek loaren irregulartasunarekin erlazionatzen dira, eta lo ordu kopurua laburtzen dute sarritan.
Etengabeko konektibitatea eta estimuloa eskeintzen eta kondenatzen gaituzte gailu hauek.
Ez hori bakarrik, sare sozialen bidez gainontzekoen bizitzaren errealitatearen zati txiki bat ikusten dugu, onena gehienetan, eta hau benetako errealitatea dela pentsatzen dugu. Bizitzarekiko dugun ikuspegia desitxuratuz.
Hori bai, gailu hauek bizitza errazteko ere balio dute. Informazioa eskuratzea errazagoa da, lana automatizatzea eta antolatzeko balio dute eta izapideak azkartu.
Beraz, gailu hauen onurak mantenduz, kalteak arintzeko gomendio sorta bat proposatzen dizuegu:
- Egunean ordu batzuk sakelekorik gabe pasa. Paseo bat ematerakoa, erosketak egitera joaterakoan, lanera joaterakoa… utzi ezazu mugikorra etxean.
- Etxean “gailurik gabeko” lekuak edo momentuak ezarri. Komunean edo elkarrekin otorduak egiterakoan adibidez.
- Lo egitera joan baino ordubete lehenago gailuak itzali eta logelatik kanpo utzi.
- “Gailu oporrak” egin. Oporretan zaudenean adibidez, edo besterik gabe egunerokoan posible bada, egun pare bat gailu gabe pasa.
- Gailu-digitalak erabiltzen pasatzen duzun 20 minuturo, 6 bat metrotara dagoen objetu bat begiratu 20 segunduz.
- Gailuekin eserita pasatzen dugun orduro altxatu eta mugitu. Bai oinez, bai flexio edo sentadila batzuk eginez.
- Sare-sozilaren erabilera mugatu: egunean denbora batera mugatuz, erabilera ordutegi bat ezarriz, edo astean zehar egun batzutan ez erabili.
Gailu hauen erabilera murriztea gomendagarria zaigu bai, baina, hauen beharrean gustuko zerbait egitea gomendatzen dugu, horrela errazagoa izango baitzaigu gailuen erabilera murriztea.
- Kirola egitea, edozein dela ere.
- Irakurtzea.
- Meditatzea
- Lagunekin, familiarekin, gertukoekin… denbora partekatzea.
- Musika, argazkigintza, artea… edo beste edozien zaletasun.
- Ezer ez egitea
Tarteka egungo bizimodua balaztatzea komeni zaigu, eta zaila bazaigu ere, gomendagarria da tarteka erabateko isiltasunean gure buruarekin egotea.


