facebook instagram youtube
  • Oiartzunen dauden lehen sektoreko proiektuak diruz lagunduko ditu aurten ere Udalak

    Zabalik dago eskaerak egiteko epea, abenduak 1era bitarte.

    Oiartzunen dauden lehen sektoreko proiektuak diruz lagunduko ditu aurten ere Udalak. 50.000 € bideratuko ditu herriko ekoizle eta abeltzainek dituzten gastu ekonomikoak ordaintzeko. 2.000  eta 1.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jasoko dute, ustiapen eta gastuen arabera. Lehen sektoreak bizi duen egoera ekonomiko zaila arintzen lagundu nahi du horrela Udalak, eta bertako nekazaritza eta abeltzaintza proiektuen iraunkortasuna babestu.

    Aurreko deialdietan bezala, urtean zehar ustiategiek izan dituzten gastuak estaltzera bideratuko dira dirulaguntzak, besteak beste:

    • Inbertsio eta ustiategien hobekuntzak
    • Oiartzungo baserritarren lan baldintzak hobetzeko ekintzak
    • Abandonatutako nekazal lurretan jarduerak berreskuratzeko lanak
    • Nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa
    • Baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak
    • Berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak
    • Ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak
    • Albaitaritza zerbitzuen gastuak
    • Nekazaritza erabilerarako ur gastuak eta abereen bazka eta pentsuen ordainketa

    Eskaerak egiteko epea zabalik

    Oinarriak, eskaera orria eta deialdiaren xehetasunak Oiartzungo Udalaren web guneko Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean daude eskuragarri. Dagoeneko irekita dago eskaerak aurkezteko epea. Erregistro elektroniko bidez edo Udaletxe arreta zerbitzuan egin daiteke, abenduak 1era arte.  

    Poztekoa da Oiartzungo Udalak lehenengo sektorearekin duen konpromisoa diru-laguntza poltsetan islatua ikustea. Ea ba piskanaka gazteak erakartzen ditugun lanbide hauetara.

    Bestalde, Elikaduraren arloan ditugun erronka garrantzitsuetako bi nork ekoitziko duen izatea eta non ekoitzia izatea direnez. Helburu horiei erantzuteko asmoz Oiartzungo Udalak Lurbizi egitasmoa abian jarri zuen duela urte batzuk. Ba al dakizu zer den?