Gure lan-taldean kide berria dugu, Lore hasi baita gurekin Laboren dendari lanetan. Abuztua estreinatzearekin bat hasi da lanean. Lehenengo aste hauetan Kontxi eta Udane ariko zaizkio formakuntza ematen, Dendaren martxa ongi ezagutu dezan.
Benetan pertsona atsegina eta langilea da, oso jarrera ona du eta irribarrearekin ahoan giro bikainean ari gara Labore proiektuaren alde elkarrekin lanean, pozez zoratzen gaude!! Zuek ere joango zarete pixkanaka bera ezagutzen.
Jakitun gara uda ez dela garairik onena lanez aldatzeko edo lan berri batean hasteko, gehienok oporraldia aldez aurretik etxekoekin lotua izaten baitugu horregatik egin genuen lan-deialdira hamar bat lagun aurkeztu dira (guztiak emakumezkoak bat salbu). Eskertu nahiko genituzke gurekin lan egiteko interesa azaldu dutenak eta baita epe luzeko konpromisoa hartu ezin dutenek hautagaitza ez bidali izana ere. Izan ere, kide berri bat formatzera denbora eta energia asko bideratzen dugu eta faena bat litzateke epe laburrean pertsona horrek alde egitea, gainera Labore proiektuak lan-talde sendo eta iraunkorra behar du. Aurkeztu diren hautagaien erdiak elkarrizketatu ditugu eta aho-batez Lore hautatu dugu, aurretik dendari gisa zuen esperientziagatik, langileen ordutegi errotatibo bat antolatzeko duen malgutasunagatik, proiektuan sinisten duelako eta baita pertsona gisa elkarrizketan transmititu zigunarengatik.
Ongi etorri Lore!!