Edari energetikoak modan daude nerabe eta gazteen artean, eta horrek kezkatu egiten ditu familiak eta osasungintzako profesionalak eta, ondorioz, pixkanaka gero eta eztabaida zabalagoa sortzen ari da gizartean.
Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean drogen kontsumoaren inguruan Espainian egindako ESTUDES inkestaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen % 40k edari energetikoak hartu zituen azken 30 egunetan, eta kopurua handiagoa zen mutiletan (% 51) nesketan baino (% 39). Gainera, %16k alkoholarekin nahastuta hartu zituen.
Edari energetiko deritzenak kafeina, azukre eta bestelako substantzia ugari dituzten edariak dira, hala nola taurina, glukoronolaktona, inositola, bitaminak… Ez galdu edari horien osagaien eta erreklamoen inguruko azterketa hau, freskagarri suspergarri gisa saltzen dutena.
Normalean, 500 ml-ko lata-formatuan merkaturatzen dira, eta horrek esan nahi du substantzia kitzikagarri eta azukre asko dituztela. Lata batek 5-6 koilarakada azukre eta 3-4 koilarakada kafeina izaten ditu. Hori dela eta, horien ohiko kontsumoak ondorio kaltegarriak ditu: urduritasuna, suminkortasuna, insomnioa, goragalea, zefalea (buruko mina), dardarak, antsietatea handitzea, arazo psiko-portaerazkoak, etab. Ondorio horiek aldatu egin daitezke, besteak beste, norberaren sentikortasunaren arabera, pertsonaren pisuaren, adinaren eta beste elikagai edo edari batzuk hartzearen arabera. Nolanahi ere, oro har, gehiago eragiten die haur eta nerabeei, haurdun dauden eta bularra ematen duten emakumeei, kafeinarekiko sentikorrak diren pertsonei, hipertentsio arteriala dutenei, eta bihotz-patologiak edo arazo neurologikoak dituztenei.
Beste arazo bat da kafeina erregularki kontsumitzeak mendekotasun fisiko ertaina eta kafeinarekiko tolerantzia eragin ditzakeela, eta, beraz, gero eta gehiago behar dela ondorio berak lortzeko.
Bideo honetan oso ongi laburtzen da edari hauen kontsumoak dakarren problematika.
Oso garrantzitsua da honako hiru aholku hauek gogoan izatea:
- Pertsona sentiberenek ez lukete edari energetikorik hartu behar (haurrak eta nerabeak, emakume haurdunak eta bularreko haurrak dituztenak, kafeinarekiko sentikorrak diren pertsonak, hipertentsio arteriala dutenak, eta bihotz-patologiak edo arazo neurologikoak dituztenak).
- Ez dira inoiz edari alkoholdunekin nahastu behar, kafeinak alkoholaren efektuak estaltzen baititu eta intoxikazio etilikoa gertatzeko arriskua handitzen baitu.
- Ez dira hartu behar jarduera fisikoa eta kirola egitean, kafeina diuretikoa baita eta horrek deshidratatzeko arriskua areagotzen baitu.
Gogoratu behar da, halaber, edari energetikoen industriak marketing-estrategiak erabiltzen dituela, arauak haustera eta ezinezko erronkak lortzera animatuz, eta arrisku-kirolekin eta gorputzeko energia maila nekatu gabe mantentzeko gaitasunarekin lotzen direla (ikasteko, jolasteko, gaua bizitzeko…). Mezu hauek kirol ekitaldietan, festetan, kontzertuetan, musika jaialdietan, kirol arriskutsuetan eta bideojokoen munduan zabaltzen dira, besteak beste. “Influencer-ek” ere parte hartzen dute sustapen horretan, markekin lankidetzan arituz. Hori dela eta, haurrek eta nerabeek erakarpen handia dute produktu horiekiko. Gainera, produktu horien prezio oso-oso baxuak eta hainbat salmenta-puntutan eskuragarri (supermerkatuetan, auzo-dendetan, litxarreria-dendetan, makina saltzaileetan, etab.) egoteak edari hauek normalizatzen laguntzen du eta haien kontsumoa errazten du.
Alde horretatik, garrantzitsua da haurren bizitzetan presente dauden guraso eta helduek edari hauekiko interesaren aurrean enpatiaz eta ulermenez jokatzea, izan dezaketen erakargarritasuna ulertuz eta arriskuekin lotutako mezuak ekidinez, sarritan nerabeengan eraginkorrak ez direnak. Lagungarria gerta daiteke pentsamendu kritikoa sustatzea, elkarrekin ebaluatuz zer den zehazki edaritik interesatzen zaiona, erakargarriak izan daitezkeen baina kafeina eta azukre gutxiago duten alternatibak bilatzeko eta, beraz, arrisku gutxiago eragiteko. Norabide horretan honako edari alternatiboak proposatu diezaizkiekegu:
- Edari isotonikoak.
- Edari azukredun klasikoak (freskagarriak), azukre eta kafeina gutxiagokoak, eta 330 ml-ko bolumena dutenak.
- Edari azukredunak edo azukre gabeak, merkatuan agertu berriak, diseinu eta estetika erakargarriko dutenak (bolumen aldakorreko ontziak), kombutxako edariak, teak, ur zaporetsuak, etab.
- Ontzi txikiagoak dituzten edari energetikoak (marka ezagun batzuk 250 ml-koak dira, bolumen bikoitza -500 ml- duten beste batzuen ordez).
- Kontsumo-maiztasun jakin bat hitzartzea egun edo une jakin batzuetan, adibidez: lata erdia larunbat arratsaldean, edo lata bat ostiral batean, edo inoiz ez arratsaldeko 18:00ak baino geroago eta inoiz ez alkoholarekin nahastuta…
Ona da gogoraraztea, energia osoaren sentsazioa izateko, gomendagarriena dela gaueko atsedena bermatzea (gutxienez 8 ordu lo egitea), elikadura osasungarria izatea eta egunerokoan jarduera fisikoa egitea.
Nolanahi ere, nerabeek produktu horiekiko duten interesa ez da beti sortzen dituen ondorioengatik izaten. Epai, debeku eta errieten ordez, helduek edarien alternatibak proposatzea eraginkorragoa da, nerabea taldeko kide senti dadin eta horrelako produktuek ordezkatzen duten espazioetan lekuz kanpo senti ez dadin: intereseko ekitaldiak (musikalak, kiroletakoak, etab.)., jokoak eta bideojokoak, abentura-kirolak, etab.
Azkenik, komeni da gogoratzea zer-nolako garrantzia duen helduok gure inguruko nerabe eta gazteei ematen diegun ereduak. Gure bizi-ohiturei buruz ematen dugun adibidea askoz ere eraginkorragoa da bere bizimoduaren modelizazioan hitzekin transmititu nahi ditugun aholkuak edo mugak baino. Horretarako, komeni da egunerokoan haien aurrean ditugun eta osasungarriak ez diren ohituren inguruan hausnartzea: alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa, sedentarismoa, aisialdi mota, etab.
Laboreko Produktu Taldeak, gure komunitateko kide guztien osasuna zaintze aldera, garrantzitsutzat jo du eztabaida hau mahai gainean jartzea, gizartea kontzientziatzen laguntzeko eta horri buruzko pedagogia egiteko. Azken hilabeteotan, hainbat komertzialek bisita egin digute edari energetiko ekologikoak eskainiz, eta ez dugu zalantzarik izan horrelako produktuek gure dendako sarrera debekatua dutela esateko, baina merkatuko joera arriskutsuen inguruan ohartzeko balio izan digu.
Elikagai Justizia GKEak sinadurak biltzeko kanpaina bat abian du, 18 urtetik beherakoei edari horiek saltzea debekatzeko. Ez galdu horri buruz ondu duten bideoa.