Bidezko merkataritzaren bidez eskuratzen ditugu urrutitik datozen hainbat produktu (kafea, kakaoa, panela, etab.) eta jatorrizko herrialdeetako komunitateen eta gure arteko zubilana egiten duen horietako kooperatiba bat dugu Ideas. Bada, berriki sortu dute Eathica marka, Laboren momentuz marka horretako txokolateak dituzue aukeran baina egin duten apustua babeste aldera produktu gehiago eskuratzeko aukera aztertzen ari gara.
Eathica etikak mundua alda dezakeela dakiten kontsumitzaileentzako premium produktuen marka gisa definitu dute eta soilik bidezko merkataritzako produktuak eta produktu ekologikoak eskaintzen ditugun komertzio txikietan merkaturatzeko asmoa dute. Nolabait txikien arteko sarea osatu nahi da, ekoizleen kooperatiba txikietatik azken kontsumitzaileengana ahalik eta biderik laburrena egin eta hurbileko harremana lehenetsiz. Izan ere, gurearen pareko dendetan arreta pertsonalizatua ematen da, eta, produktuak saltzeaz gain, bazkideei informazioa, aholkularitza eta sentsibilizazioa ematen saiatzen gara hainbat gairen inguruan: ohitura osasungarriak, elikagaien propietateak, kontsumo arduratsua, elikagadura-justizia…
Eathica markapean merkaturatzen hasi diren produktuek honako ezaugarriak dituzte:
- Ingurumena errespetatzen duten eta pertsonak zaintzen dituzten produktuak.
- Erabateko trazabilitatea dute.
- Ontziratze jasangarria.
- Elaborazio artisau eta ekologikoa.
Defendatzen dituzten baloreak berriz, honakoak dira (ikus dezakezuen bezala Laboreren baloreekin bat datoz):
- Bidezkoa: lan esplotaziorik gabe, haurren esku-lanik gabe eta genero berdintasuna errespetatuz elaboratuak (bidezko merkataritzaren printzipioa).
- Giza neurrikoa: familien eta ekoizle txikien nekazaritza. Jatorrizkoa, gardena: ekoizleak protagonista dira kate osoan zehar eta trazabilitatea bermatzen dute.
- Ekologikoa, osasungarria: %100 naturala eta ingurumena errespetatzen duena. Jasangarria eta koherentea: ontzi iraunkorrekin, %100 birziklagarriak, berrerabilgarriak edo biodegradagarriak.
- Marka gorena eta berritzailea: kalitate handia produktuen diseinuan eta formulazioan. Tokikoa, landa ingurukoa eta benetakoa: Iberiar Penintsulako hegoalde zein parraldeko autonomia erkidekoetako ekoizle txikien produktuak ere barneratzen ditu.
- Sinesgarria eta konfiantzazkoa: IDEAS enpresak babesten du, Bidezko Merkataritzan 25 urteko esperientzia duen Andaluziako kooperatiba, konpromiso sozial argiarekin.
Laburbilduz, esan genezake eragin positibo handia lortu nahi dela produktuen jatorrizko komunitateetan, eta bide batez kalitate handiko produktu ekologikoak eskaini gizartearekiko konpromiso handiena duten pertsonei. Garrantzitsua iruditu zaigu zuei jakinaraztea txokolateen markaren aldaketaren atzean dagoena ez dela marketing kontu bat baizik eta aldaketak mamia duela.