Ba al dakizu Laboreko goiko solairuan Paperezko Ametsen txokoa dugula?
Liburuei hegoak jarri nahi dizkiegu, munduan barrena, batera eta bestera bidaiatu dezaten. Bigarren bizitza bat eskaini nahi diegu: liburu zaharrak irakurle berriei.
Bertako zein munduko beste hainbat txokotako biztanleei, dagoeneko zeharkatu ditugun orri hauen artean igeri egiteko aukera luzatu nahi diegu.
Bere garaian Paperezko Ametsak proiektua Abaraxka ludotekarekin sortu genuen elkarlanean eta hasierako helburua liburuak beharrean ziren Argentinako eskoletara bideratzea zen, gehiago erabiliko ez genituen liburuak falta zituztenei eramatea baina tamalez, arazo burokratikoak tarteko, liburuak itsasoratu gabe geratu ziren eta urte hauetan zehar Laboren izan ditugu zuen eskura, baina asko eta asko oraindik kaxetan sartuta ditugu. Horregatik, haurrentzat nahiz helduentzat, euskaraz nahiz erdaraz…pilatutako material guztia antolatu eta txokoa txukundu nahi dugu. Inguruko eragile batzuekin harremanetan ere jarri gara hainbat liburu behar izanez gero haiei bideratzeko (Seaska, El Watan Elkartea, Abarka GKE, etab.). Izan ere, gure helburuek ez dute gaurkotasunik galdu eta gaur egun ere liburuei bigarren bizitza bat emateko asmotan jarraitzen dugu, ekonomia zirkularraren alde egin eta kapitalismoak sustatu nahi duen kontsumismoari izkin eginez.
Proiektuari ilusioz berrekin nahi diogu 1545 argitaletxeko, Abaraxka ludotekako zein Labore Oarsoko kideok. Larunbateko berrantolaketaren ondoren jakinaraziko dizkizuegu nobedadeak.
Proiektua elkarlanean sortu genuenetik liburu mordoxka bat dauzkagu oraindik kaxetatik atera gabe eta horregatik, txokoa auzolanean berrantolatu eta azalberritu nahi dugu, aire freskoa ekarri eta txoko goxo eta erabilgarri bat sortzeko asmoz. Larunbat honetan txukunketarekin laguntzeko Abaraxkako haur eta gazteen laguntza ere izango dugu beraz, familian etorri nahi baduzue, aukera polita duzue.
Irakurtzearekin gozatzen baduzu, zatoz larunbat honetan txokoa txukuntzen laguntzera, guztion artean liburuak eskuartean izatearen eta haien ondoan lokartzearen plazera zabal dezagun.