Datozen astetan arkume ekologikoa eskuratzeko aukera berri bat izango dugu. Nafarroa Beherea eta Zuberoa arteko mugan kokaturiko Lohitzun herrixkako Paxkoteia etxaldeko Edouarden esnetako arkume ekologikoa, hain zuzen ere. Arkumeak belardietan libre bizi dira eta ardien zein arkumeen zaintzan ez du inolako antibiotiko edo fitokimikorik erabiltzen eta ernalkuntzarako ere BIO araudia errespetatuz, ez du inseminazio artifizialik erabiltzen.
Arkume erdia ala osoa eska daiteke eta hutsean ontziratuta etortzen da (guztira 4 edo 8 paketetan: izterra, bizkarra eta sahietsak). Merkaturatzeko moduari esker oso erosoa da etxean kontsumoa antolatzea, ez baita guztia kolpetik jan behar baizik eta familia bakoitzak nahi duen erritmoan (egun batean sahietsak frijitu daitezke, beste batean gisatua egin daiteke eta zati handiena labean presta daiteke).
ERDIA (2,5kg inguru) ala OSOA (5kg inguru) eskatzeko aukera izango duzue
PREZIOA: 22€/kg
ESKAERAK: Ostirala bitartean (maiatza bukaera arte)
ENTREGA: Hurrengo ostirala
Zuberoatik Oiartzunera etortzea konpentsa dakion 6 arkume erditako gutxieneko eskaera finkatu digu artzainak beraz, interesa duzuenok izena eman eta 6 arkume erdiko eskaerak pilatzean egingo genioke eskaera eta jakinaren gainean jarriko zaituztegu behin eskaera egindakoan.
Finkaturiko prezioa artzainari duintasunez bizitzea ahalbidetzen diona da; izan ere, zoritxarrez askotan entzuten ditugu artzainak kexuz azalera handiko saltokietan kiloa kostuen azpitik ordaintzen dietela esanez eta horrela, artzaintza desagertzea bultzatzen ari dira, pena litzateke!
Ardiek arkumeak bi tandatan izaten dituzte, bat Eguberrien aurretik eta beste bat urtearen bukaeran-hurrengoaren hasieran; horregatik eskaintzen dizuegu orain.
Azken bi urteetako Eguberrietan eskaini izan dizuegu eta sekulako harrera ona izan ohi du, oso oso kalitate onekoa eta osasuntsua baita. Oso garrantzitsua da kalitatezko haragi osasuntsua jatea gaixotasunak saihesteko. Baliatu aukera merkatuan oso zaila baita kalitatezko haragi osasuntsua topatzea!!