Elikadura hilerokoaren zikloaren arabera aldatu beharko litzake?
Hilerokoaren unearen arabera indarrean, energian, gosean, umorean… aldaketak izaten ditugu. Gure baitan, hormonak aldatuz doazelako.
Hori dela eta, galdera posible bat suertatzen zaigu: hilerokoaren zikloaren arabera elikadura aldatu beharko genuke?
Baina, itxoin! Seguruenik hau irakurtzen ari zareten asko gizonezkoak zarete, eta oraindik ez daukazue oso argi hilerokoaren nondik norakoa.
Beraz, hortik hasiko gara:

Norbera inor baino hobeto ezagutzen bada ere, momentu bakoitzak baditu bere ezaugarri orokorrak, aldaketa hormonalak, epeak, etab.
Adibidez, orokorrean fase luterinoan gorputz-tenperatura altuagoa izaten da. Progesteronaren gorakada dela eta.
Aldiz, insulinarekiko erresistentzia puntu bat ematen da, eta gose gehixeago edukitzea ohikoa da, azken egunetan batez ere. Fase folikularrean ordea kontrakoa gertatzen da; gose gutxiago eduki ohi dugu eta indartsuago sentitzen gara.
Hormonalki aldatuz goazela jakinda, logikoa dirudi pentsatzea elikadura ere aldatu beharko litzatekeela. Eta bai, neurri batean hala da, beraz, gaurkoan gomendio pare bat eman nahi dizkizuegu, jakin dezazuen momentu bakoitzean zein elikagai lehenetsi; baina, baita jakin dezazuen ere gorputza entzuten ikastea premiazkoa dela.
- Menstruazioan:
Odola galtzen dugunez, ura eta burdina berreskuratzea komeniko litzake, anemia ekiditeko. Hau da ur botila edo termoa gurekin eramatea, fruta freskoa, zein salda, zopa, irabiatuak… jatea interesgarria litzateke.
Burdinari dagokionez, menstruazioa iraun bitartean haragi eta muskuilu gehixeago jatea gomendagarria izan daiteke. Ohiko gomendioa beharrean (astean behin), astean bizpahirutan. Beti ere ez-hemo burdinean aberatsak diren jakiak lehenetsiz (pistatxoak, dilistak, almendrak…). Eta burdinean aberatsak diren jakiak jatearekin batera, C bitamina ugari duten jakiak (zitrikoak, barazki gordinak…).
- Fase folikularra:
Epe honetan ordea, zinkean eta antioxidatzaileetan aberatsak diren elikagaiak jatea komeni da, hau da, barazki freskoak, muskuiluak, frutak… izan ere, folikulua kanporatu aurretik baliogabetu behar da, eta horretarako behar bezala garatzea premiazkoa da. Bestela, mina, odoluste ugariak edota bestelako zailtasunak eduki ditzakegu. Interesgarria izan daiteke baita kruziferoen kontsumoa areagotzeaere (brokolia eta aza batik bat).
- Obulazioa:
Estrogeno maila altuena ematen da une honetan. Elikadura aurreko egunetakoaren antzekoa izatea gomendatzen da.
- Fase luterinoa:
Hormonalki gainbehera ematen da eta nekatuagoak sentitzen gara, gose gehiagorekin, baliteke idorreria eta likido-erretentzioa ematea…
Hori dela eta, atseden gehiago hartzeaz gain, ase sentitzeko eta idorreria ekiditeko karbohidrato konplexuen kopurua areagotzea gomendatzen dizuegu (oloa, patata, lekaleak, zereal osoak…).
Bestalde animotsuago eta umore hobean egoteko, triptofanoan aberatsak diren jakiak gomendatzen dira (indio-oilarra, esneki osoak, haziak…).
Azkenik, magnesioari garrantzia berezia ematea gomendatzen da. Barazki freskoak, kakao hautsa, almendrak, pistatxoak… lirateke iturri nagusienak.
Ohartu izango zara ez dagoela aldaketa handirik ohiko elikadura gomendio orokorrekiko; barazki freskoak, lekaleak, zereal osoak… baina, fase bakoitzerako emandako aholkuek mesede egin diezagukete.


