Gormutxa
Gilles Teixerrek Gormutxa enpresaren bidez saltzen ditu gaztainarekin ekoiztutako produktuak: irina, kremak, etab. Baina, produktuak ekoiztetik at, bertako gaztainondoen eta gaztainen historia eta ondarea maite du Gillesek, Euskal Herriko historian jaki eta zuhaitz garrantzitsua dela uste baitu.
Duela hamar bat urte Gilles Teixer Ardeche eskualdera joan zen bere kasa, bertako proiektuen inguruan gehiago jakin nahi baitzuen. Izan ere, hau da Frantzian gaztaina gehien ekoizten dituen eskualdea, eta bertako gaztainak sustatzeko eta bermatzeko elkartea sortua zeukaten dagoeneko, Kirikiñauki izenekoa.
Gaur egun Euskal Herrian badaukagu bertako gaztainen ekoizpena sustatu eta bermatu nahi duen elkartea: Gaztaina elkartea. Bertako kide da Gilles. Elkartearen helburua bertako gaztainak (Garralda, Pikotxa eta Etxeto barietatea) ekoizteko eta banatzeko egitura sendo bat sortzea da, kalitatea eta jasangarritasuna bermatuz.
Elkarteko 6 kidek gaztainarekin egindako produktuak ekoizteko lantegia partekatzen dute. Baina, gainontzeko kideek ez bezala eta harrigarria bada ere, Gillesek ez dauka lursail propiorik. Inguruko nekazari eta lursailetako jabeei sasiak moztea, bazterrak txukuntzea eta zuhaitzak kimatzearen truke gaztainak lortzen ditu.


