facebook instagram youtube
  • Amalur sariak

    Laborek 2022ko martxoan banatu ditu lehen aldiz Amalur sariak, baina Laboreko konplize taldearen asmoa urteroko sari bihurtzea da.

    Amalur hitzak berak dioen bezala, ama , emea, emakumea, eta lurra dira sari hauen bidez omendu nahi ditugunak.

    Elikadura, zaintzaren parte den neurrian, emakumeon ardurako funtsezko zeregina izan da eta da. Goi-mailako gizonezko sukaldari gehienek diote amonaren lapiko artean ikasi zutela sukaldatzen, gerra garaietan ere emakumeak geratu izan dira baserriak gobernatzen ganadutik hasi eta baratzeraino eta, gaur egun ere, emakumea da familia gehienetan elikaduraz arduratzen dena, egunero-egunero, elikadura orekatua pentsatu, dirua alferrik xahutu gabe erosketak egin eta otorduak prestatzen dituena.

    Beste hainbat esparrutan bezala ordea, bizitzaren oinarrian dauden ardura eta lan horiek guztiak ezkutatu egiten dira. Inork ez dio ahotsik jartzen gero eta apalagoak diren baliabideekin etxeko sabel guztiak betetzeko magia egiten duen etxekoandreari, inork ez du publikoki goraipatzen mimoz beterik igandero bazkaria prestatzen duen amona, inork ez du ikusi ere egiten gizonaren itzalean baserria aurrera ateratzeko lan eta lan ibili den emakumezko baserritarra, inork ez du goresten eguneko menua eskaintzen duen zerbitzariaren lana, inork ez du famatzen arrain-kontserbetako emakumezko langileen lan gogorra. Elikadura-sisteman hasieratik amaiera arte topatuko ditugu guztiz feminizatutako guneak, guztiak ere isilduak eta gutxietsiak.

    Haatik, gizonezko sukaldari ospetsuak eta medikuak entzungo ditugu elikadura osasuntsua zer den esaten, gutxitan bada ere, publikoki agertzen diren baserritar gehienak ere gizonezkoak dira eta, batez ere, elikadura-sistema kapitalistarekin aberasten ari diren multinazionaletako buruak gizonezkoak dira.

    Laboretik lantzen ari garen proposamena elikadura burujabetzaren alde lan egitea da. Elikadura burujabetza termino potoloa izan daiteke, elikadura osasuntsuaren eskubidea arlo ezberdinetatik aztertzen baitu: ikuspegi ekologikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala hartzen ditu aintzat. Baina, funtsean, laburbildu genezake “bertan ekoitzi eta bertan kontsumitu” esalditxoarekin. Horrek esan nahi du lanpostuak sortzen direla, bertako lurra eta biodibertsitatea zaintzen dela eta, ekoizle eta kontsumitzaileen artean harremanak estutzen direla. Eta horretan ez gaude bakarrik.

    Laborek Euskal Herriko 100 ekoizle baino gehiagorekin egiten du lan, 1.100 bazkidetik gora ditu eta harremana dugu Euskal Herriko beste kontsumo elkarteekin. 2022ko Amalur sarien banaketan ere, bidelagun izan ditugu Errenteriako Udala eta Oreretako bilgune feministako kideak. Eta eskertzen ditugun benetan, sari banaketa honetarako eman diguten laguntzagatik.

    Gaur egungo elikadura-sistema nagusiaren aurretik, hau da multinazional eta supermerkatuen aurretik, gure herriak oso bizirik zeuden, denda txikietan bai, eta nola ez, azoketan. Eta bizirik ez ezik, koloretsu eta usaintsu ere bai. Bertako baserritarren barazki eta fruituak itxura batean ez baitira perfektuak izaten, baina bai zaporetsuak. Eta honek ere tontakeria bat ematen du, baina gaur egun garrantzia handiagoa du begitik sartzen denak, ahoratzen dugunak baino. Nahiago dugu zaporerik eta usainik gabeko tomate perfektu bat, zaporetsua den eta zain marroixkak dituen tomate oker bat baino. Eta hori ere arazo bat da, baserritarrak gero eta zailtasun handiagoak dituelako bere ekoizpena merkatuan defendatzeko.

    2022KO AMALUR SARIA

    2022ko Amalur sarietan, eskertu eta omendu egin nahi dugu, zailtasunak zailtasun, gertuko ekonomian sinetsi ez ezik, inurria bezala, bere bizitza osoa Errenteriko azokaren bueltan eman duen Maixabel Arretxe.

    Maixabel Arretxe, errenteriarra da, berak dioen bezala kalekoa, baina beti izan du baratze bat inguruan. Maixabelek berak esana da, poliki-poliki hasi zela, hasieran bere baratzeko letxuga eta tomate batzuk auzoko dendara eramaten zituela saltzeko, gerora Errenteriako azokako beste emakume baten bitartez hasi zela saltzen, eta egun batean gizonari esan ziola “neroni joango naiz azokara, postua jarri eta zuzenean saltzera”. Gizonak ez omen zuen fede handiegirik izan, baina berak aurrera egitea erabaki zuen eta eskerrak!!! Apiriletik abendura bitarte, urte luzez, baratzeak eman dion hori saldu du Errenteriako azokako egun guztietan, hutsik egin gabe. Eta guk Amalur sariaren bidez, eskertu nahi dugu Maixabel Arretxe eta, eskertu nahi ditugu bere bitartez, azoka honetan beren ekoizpenak saldu izan dituzten eta saltzen dituzten baserritar emakume guztiak.

    2023ko Amalur sarietan Arantxa Zapirain Oiartzabal oiartzuarraren lana eskertu eta omendu dugu, zailtasunak zailtasun, gertuko ekonomian sinetsi ez ezik, inurria bezala, bere bizitza osoa baratzean lanean eman baitu.

    2023KO AMALUR SARIA

    Arantxa Zapirain Errenteria-Oreretako Gabiria baserrian jaio zen eta bertan jaso zuen amarengandik baratzearekiko lotura. Amak baratzea egiten zuen eta Arantxa eta Lurdes, bere ahizpa, ondoan izaten zituen laguntzeko. Ohi zenez, aita eta anaiak etxetik kanpo lan egiten zuten eta baserrian ganaduaz arduratzen ziren. Ama zen, hortaz,  euskal baserri gehienetan bezala etxearen oinarria.

    Oso gaztetatik, Arantxa esne-banatzen hasi zen Gaztaño auzoan eta, esnearekin batera, baratzeko barazkiak ere etxez etxe saltzen zituen. Eskolara joan aurretik, goizean goiz egiten zuen lana zen hori. Hori bai, eskolan jai-egunak izaten bazituen ere, esne-banatzen eta barazki-saltzen ez zuen atsedenik izaten. Egunero-egunero egin beharreko lana zen, baita igandeetan ere.

    Gaztetan, Oiartzuna ezkondu zen eta Iturriotzen jarri zen bizitzen, pisuan. 10 bat urte egin zituzten auzoko kalean, baina Garmendi Txiki baserriarekiko lotura inoiz galdu gabe. Oiartzunera etorri zenean, Garmendi Txikiko baratzari heldu zion. Eta ez dio inoiz baratzea egiteari utzi.

    Duela 6 urte, Joritz semea etorri zitzaion Elika martxan jarri nahi zutela esanez. Eta berak pentsatu “honek ba al daki non sartzen den?” Semeak ea lagunduko ote zion galdetu zion, eta noski, zalantzarik gabe baiezkoa eman Arantxak. Eta eskerrak, bere hitzetan baserrian egiten zuen baratza eta berotegiekin egiten dena desberdinak izan arren, bere jakintza eta eskulana ezinbestekoak izan baitira Elika aurrera ateratzeko.

    Orain, Elikako baratzeetan ikusiko dugu goizero Arantxa, eta pozik bera, baratze eder hori ikusita lan egiteak merezi izan duelako.

    Bizitza bat baratzea” hoixe Arantxa laburbiltzeko hiru hitz.

    Arantxa gertutik ezagutzeko eta berekin lan egiteko aukera izan duten lagunen hitzak entzuteko ez galdu honako bideoa.