Laboren 2.000 produktutik gora ditugu salgai urtean zehar eta guzti-guztiek Produktu Taldeak landutako hautaketa-irizpideak betetzen dituzte. Eskaintzen ditugun produktuen hautaketa-prozesuan irizpide desberdinak hartzen dira aintzat.
OSASUNTSUA: gure osasunaz arduratzen gara. Nagusiki bertako produktuak eta, lehentasunez, ekologikoak saltzen ditugu. Salgai ditugun produktuen gaineko bermea eskaintzen dugu, modu osasuntsuan ekoitzi direlaren segurtasunarekin.
BERTAKOA: elikadura-burujabetza dugu ardatz gertuko ekoizleen produktuak lehentasunez eskuratzeko orduan. Eskualdean lehen sektoreari bultzada eman eta lana sortu nahi dugu. Bertakoaren aldeko apustua egiten dugu karbono arrastoa ere mugatzeko asmoz.
GARAIAN GARAIKOA: bestelako kontsumo kultura bat sortu nahi dugu naturaren zikloak errespetatuz eta garaian garaiko produktuak eskainiz, bide batez, pedagogia ere egiten saiatzen gara egungo kontsumo eredua iraultzeko.
AGROEKOLOGIA: giza-neurriko ekoizpen moldeetan ekoitziriko produktu ekologikoen aldeko hautua egiten dugu.
ELIKADURA KATE LABURRAK: ahal dugun guztia zuzenean ekoizlearengandik eskuratzen dugu, kontsumitzaileok ordaintzen duguna zuzenean ekoizlearentzat izan dadin.
EKONOMIA ZIRKULARRA: ahal dugun guztia pisura eskaintzen dugu eta produktu transformatuen kasuan ontziratzeari erreparatzen diogu, ahal dela ontzien berrerabilera sustatuz eta ezin denean behintzat ontzi birtziklagarrien aldeko hautua eginez.